Pentsamendua
'Hizkuntza, nazioa, estatua' saiakera plazaratu du Joxe Azurmendik
Balizko euskal estatu independente bat lortzeko bidean euskararen presentziak behar lukeen lekua ezbaian jarri dute zenbait ahotsek azken bizpahiru urteotan. Joxe Azurmendi idazle eta pentsalariak gaiari heldu dio Elkarrekin kaleratu berri duen 'Hizkuntza, nazioa, estatua' saiakera liburuan.

Azurmendik Donostiako Elkar dendan aurkeztu du liburu berria, gaur goizean, eta argi utzi du bere jarrera XX. mendearen erditsuan abertzaletasunari "berritu sakon" bat eman ziotenen —Txillardegi, Krutwig...— bera dela egun ere, eta euskarak jarraitzen duela egoten, bere irudiko, bai euskal nazioaren erdigunean, bai abertzaletasunarenean, eta baita balizko estatu independente batenean ere. "XX. mendearen erditsuan, abertzaletasunak berritu sakon bat izan zuen, eta arrazaren ordez euskarari eman zitzaion lehentasuna gure herria definitzeko eta eraikitzeko orduan", esan du.
Azken urteotan, planteamendu berriak entzun dira, batez ere mundu akademikotik —Imanol Garlfarsoro, Jule Goikoetxea, Unai Apaolaza, Joseba Gabilondo...—, Joxe Azurmendiren belaunaldikoek ezarritako hizkuntzaren, nazioaren eta estatuaren arteko loturak zalantzan jartzera etorri direnak: hizkuntza, nazioarentzat mesede eta sostengu izan arren, ez ote da kalte edo traba estatu bat lortzeari begira?
Hizkuntza, Nazioa eta Estatu kontzeptuei eta haien arteko harremanei buruz hausnarketa egin du Azurmendik, "ez eruduziozko saio akademiko bat egiteko, baizik eta gaiaz interesa dutenekin elkarrizketa sustatzeko". Liburuaren jatorrian Azurmendik berak 2015eko ekainaren 25ean Jakinek eta EUEk antolaturiko Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian ikastaroko sarrera hitzaldia dago, Iruñeko Katakrak liburu-dendan emandakoa. 117 orriko saaikera da.
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.