'Euskalduna naiz eta zu?' saioak identitate estereotipoen inguruko hautsak harrotu ditu

Saioa emateari utzi zion ETBk, baina sarean topatu ostean handik ere kentzeko eskatu dute COVITEk eta PSE-EEk. Eusko Jaurlaritzak ere hitz egin du gaiaz, eta esan du han espainiarrei buruz agertzen diren estereotipoak "erabat arbuiatzen" dituela. ETBk webgunetik kendu egin du saioaren Espainiari buruzko atala.

Berria -

2017ko martxoak 4

Berez, hainbat euskaldun ospetsuk euskaldunei eta beste hainbat gairi buruzko estereotipoez hitz egiteko saioa zen Euskalduna naiz, eta zu?. Espainiarrei buruzko estereotipoak ere agertu dira. ordea, eta haiek ez zaizkie gustatu hainbati. Gaur goizean, saioa saretik kentzeko eskatzeko ohar bana kaleratu dute Covitek eta PSE-EEk, eta arratsaldearen hasieran Jaurlaritzak ere oharra kaleratu du.

Eitb Nahieran-en "euskalduna naiz" jarrita bost saio agertzen dira. Sei grabatu zituzten, eta bat falta da; hain justu, Espainiari buruz egindakoa.

Otsailaren 18an eman zuten azken atala, eta gehiago ez grabatzea erabaki zuen ETBk. Covitek sarean ikusi du saioa, eta espainiarrei buruz esaten direnek haserretu dute: umorezko marrazki batean "facha", "paleto" eta "choni" deitzen zaielako. Saio horretan gisa berean landu dituzte gai guztiak. Oharra atera du Covitek, espainiarrei "irain" egiten zaiela salatzeko, eta jakinarazi du ETBri salaketa jarriko diola Europako Batzordeko arrazakeriaren eta intolerantziaren kontrako batzordean.

PSE-EEk ere atera du oharra, eta esan du saioa umorezkoa izanagatik, horrek ez duela justifikatzen espainiarrei buruz halakoak esaterik. Euskal herritar askoren identitate sentimenduaren ikuspegi "partziala" ematea aurpegiratu dio saioari, eta "euskaldun" euskaradunarekin bakarrik identifikatzea "baztertzailea" dela. Saioa saretik kentzeko eskatu du.

Nerea Llanos PPko bozeramaileak "lotsagarri" jo du "espainiarrak gorrotatzera bultzatzen duten adierazpenak" egotea ETBn, eta Bingen Zupiriaren azalpenak eskatuko dituela jakinarazi du.

Gaia komunikabideetan eta hautsak harrotuta zirenean hitz egin du Jaurlaritzak. Saioan agertzen diren espainiarren buruzko iritziak "erabat arbuiatzen" dituela adierazi dute gobernuko iturriek.

UPNk astelehenean saioaren kontrako salaketa jarriko duela iragarri du, eta Ciudadanosek, berriz, Fiskaltzari eskatuko dio saioa ikertzeko: "Espainiar guztiak iraintzen ditu espainiar izate hutsagatik".

Haserrea sarean

Alderdi horien jarrerak haserrea sortu du sare sozialetan, eta gaia bolo-bolo dabil.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna