KOMUNIKAZIOA

EiTB: "Berariaz ezkutatu dira klixeetatik harago programan azaldu ziren hainbat gauza"

Miren Gazatañaga aktoreak ohar bidez, barkamena eskatu die "minduta sentitu" direnei, eta erantsi du "ikus-entzunezko materiala testuingurutik ateratzea eta manipulatzea gaizki ulertua gertatzeko lagungarria" izan dela. Nafarroako Legebiltzarrak adierazpen instituzional bat onartu du 'Euskalduna naiz eta zu?' saioaren aurka. Ohar bat argitaratu du Planeta taldeak, argituz El guardian invisible filman Gaztañaga duen presentzia "oso eskasa" dela. Pelikula boikotatzera deitu zuten sare sozialetan, Gaztañagak ETBko saioan esandakoengatik.

Berria -

2017ko martxoak 6

Zalapartak jarraitzen du Euskalduna naiz eta zu? saioaren inguruan. Bihar du gobernu kontseiluko bilera Eusko Jaurlaritzak, eta PSEk EiTBren edukiekiko kontrol handiagoa eskatuko du bileran. Gaur, ordea, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak jardun du ika-mikaz. "Bere" egin du "herritar askok jasan ahal izan duten irain sentipena",  eta uste du EiTBk "saio eraikitzaileak" lehenetsi behar dituela, "ahal den neurrian, iraingarriak izan daitezkeenak saihestearekin" batera.

EiTBk prentsa ohar bat argitaratu du, bere iritzia plazaratzeko. Hedabide publikoak azaldu du sare sozialetan saioaz zabaldutako bertsioak "desnaturalizatu" egiten duela "produktuaren esentzia". Uste du zabaldu den laburpenak "konfrontazioa eragitea beste asmorik" ez duela eta saioa "zeharo desitxuratu" duela, "nahita baztertu eta berariaz ezkutatu baitira klixeetatik harago programan azaldu ziren hainbat eta hainbat gauza".

Nolanahi ere, EiTB "bat dator saioan egin diren adierazpenetako batzuk iraingarriak izan direla. Horretaz jabetuta, irainduta sentitu diren lagun eta taldeei barkamena eskatu nahi die". Horrez gainera, "neurriak hartuko dira programatutako edukien bidez normalizazioaren, begirunearen eta gizarte kohesioaren alde egin dadin, eta aniztasuna errespeta dadin funtsezko balio gisa".

EiTBk azpimarratu du "errespetuaren eta elkarbizitzaren alde" egin nahi duela: "Gehiegikeriatzat jo behar da sare sozial eta hedabideetan, inolako justifikaziorik gabe, horrenbeste material iraingarri sortzea eta konfrontazio areagotzea". Aurrerantzean "kontrol neurriak" hartuko ditu irrati-telebistak, "eduki iraingarriak berriro ematea" saihesteko.

Nafarroako Legebiltzarraren Mahaiak adierazpen instituzional bat onartu du saioaren aurka, PSNk proposatuta. EiTBri galdegin diote barkamena eska dezala, eta salatu saioak ez duela "errealitate instituzionala errespetatzen". Gainera, UPNk eta PPNk saioaren kontrako salaketa jarri dute gaur, eta Carlos Iturgaitz PPko europarlamentariak iragarri du Europako Batzordera eramango duela gaia.

Polemikaren fokuak, ordea, Miren Gaztañaga aktorearen gainean jarri du argia. El guardian invisible pelikula plazaratu berrian ageri da Gaztañaga, eta filmaren aurkako boikotera deitu zuten sare sozialetan Espainiako Estatuko hainbat herritarrek.

Gaztañagaren "barkamenak"

Miren Gaztañagak ohar bidez adierazi du "oso triste" dagoela, eta "gainezka" gertatzen ari den guztiarekin. Barkamena eskatu die "gaizki ulertu honetan minduta sentitu diren pertsona guztiei", eta gehitu du "ikus-entzunezko materiala testuingurutik ateratzea eta manipulatzea gaizki ulertua gertatzeko lagungarri" izan dela. "Ez da sekula nire asmoa izan inor mintzea edo iraintzea", erantsi du.

Gaztañagak prentsa oharrean argitu du Euskalduna naiz, eta zu? umore saioa dela. "Ez zen gai horri buruz benetan eta sakonean zer pentsatzen genuen jakiteko egindako elkarriketa serioa eta pertsonala. Eta Espainiari buruzko atala hitz egiterakoan ikuspuntu berbera izatea proposatu ziguten: hitz egin dezagun estereotipoez eta topikoez umorezko saio baten testuinguruan". Eta halaxe egin zuela azaldu du. "Ez dute inola ere pentsatzen dudana islatzen. Ezagutzen nauenak ederki daki nire pentsaera irekia dela, inklusiboa eta urkoarekiko errespetuz betea".

Horren aurrean, ohar bat argitaratu du Planeta Taldearen DeAPlaneta zine banatzaileak. Nabarmendu du "espainiarren kontrako irain edo errespetu falta oro" arbuiatzen dituela eta Gaztañaga Euskalduna naiz eta zu? saioan agertu izanak ez duela loturarik filmarekin. Gainera, azpimarratu du aktore nagusia Marta Etura donostiarra dela, eta Gaztañagaren parte hartzea, berriz, "oso eskasa". Gaztañagaren ibilbidea azalduz Wikipedian zegoen sarrera ezabatu egin dute.

Indar politikoen artean ere mintzagai izaten jarraitzen du gaiak. EAJk esan du "estereotipoak sarri mingarriak" direla, eta zehaztu "umore" saio baten testuinguruan esan zirela bertan adierazitakoak: "Euskal herritarrok frogatu dugu, une dramatikoenetan ere, gure buruaz barre egiteko gai garela". EH Bilduk, berriz, esan du ez duela "neurriz gaineko polemika artifizialik elikatuko".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna