Barkosen aurkako irainak

Barkosi "puta" esatea adierazpen askatasuna da Cospedalentzat

Mikel Legarda EAJko diputatuak Espainiako Gobernuari galdetu dio zer egiteko asmoa duen militar ohi batzuek Nafarroako presidenteari "puta" esan ziotelako.

Cospedal, gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan.
Cospedal, gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan. Javier Lizon/Efe

Berria -

2017ko martxoak 8

Maria Dolores de Cospedalek esan du gaitzetsi egiten duela Barkosi "puta" deitzea, baina hori esatea adierazpen askatasunaren barruan sartzen dela gaineratu du. Mikel Legarda EAJko diputatuak egindako galderari erantzunez egin ditu hitzok Cospedal Espainiako Defentsa ministroak. Izan ere, hark galdetu dio zer egiteko asmoa duen militar ohi batzuek Barkosi "puta" deitu ostean.

Gaitzespenaz aparte ez duela ezer egingo ohartarazi du, adierazpen askatasunak hitzok aterpetzen dituelako eta, gainera, ustezko egileak erretiroa hartuta daudelako, alegia, ez direlako estatuaren langile.

Otsailaren 18an Poliziaren eta talde parapolizialen biktimei egin zieten omenaldi instituzionalaren harira, Barkosek irainak jaso zituela salatu zuen Geroa Baik. Interneteko sare sozialetan idatzi zituzten mezuak, eta Zaragozako militar talde bat zegoen horien atzean. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egin zituen irainok.

ETBri ardura eske

Militar ohiei ez, baina EiTBri kontuak eskatu dizkio Cospedalek Euskalduna naiz, eta zu? saioaren harira sortutako polemikagatik: "Diziplina baten pean daudenak denon diruarekin ordaindutako telebista publikoak dira, espainiar eta euskal herritar guztien diruarekin ordaindutakoak". Nabarmendu duenez, erantzukizuna eska diezaiokete "espainiar guztien duintasuna larriki iraintzen dutenei".

Espainiarrei umorezko marrazki batean "facha", "paleto" eta "choni" esaten zaielako, arrabotsa eragin du ETB1eko saioak. Hedabide publikoak barkamena eskatu zuen, eta eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak bere egin zuen herritarrek senti zezaketen oinazea. Ciudadanos alderdiak, bestalde, Espainiako Kongresuan legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen Espainiako Gobernuari eskatzeko fiskaltzara eraman dezala ETBko saioaren edukia, eta PPk iragarri zuen Europako Batzordera eramango duela gaia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna