Futbola

Erretiroa hartuko du Xabi Alonsok, sasoia amaitzean

Bayern Munich taldeak kontratua beste urtebetez luzatzea eskaini zion urtarrilean tolosarrari, baina hark nahiago izan du zelaiak utzi.

Alonso, artxiboko irudi batean.
Alonso, artxiboko irudi batean. Peter Kneffel/EFE

Berria -

2017ko martxoak 9

Antiguokon, Eibarren, Realean, Liverpoolen eta Real Madrilen aritua da Xabi Alonso (Tolosa, 1981), Bayern Munichen jokatu aurretik. Euskal selekzioarekin eta Espainiarekin ere jokatu du. Orain, ordea, futbola uztea erabaki du, 35 urterekin. Alemaniako taldeak urtarrilean egin zion eskaintza kontratua beste urtebetez luzatzeko, baina hark beste asmo batzuk zituen, eta gaur jakinarazi du futbolariak denboraldia amaitutakoan utzi egingo duela futbol profesionala. "Bizi izan dut. Maite izan dut. Joko zoragarri baten agurra", dio bere Twitterreko kontuan idatzitako mezuan.

Orotara, 800 partidatik gora jokatu ditu Alonsok. Horietatik 14 Eibarren, 124 Realean, 210 Liverpoolen, 236 Real Madrilen eta 102 Bayern Munichekin. Donostiako Antiguokon jokatzen zuela jarri zuten arreta jokalaria tolosarrarengan futbol talde profesionalek. Realaren harrobian ere nabarmendu zen, eta Eibarren urtebetez utzita aritu ostean, 2000-2001ko denboraldian egin zuen debuta elastiko txuri-urdinarekin Espainako Ligako Lehen Mailan. Liverpoolen (2004-2009), Real Madrilen (2009-2015) eta Bayern Munichen (2015-2017) osatu du bere ibilbidea Euskal Herritik kanpo.

Hemezortzi denboraldi egin ditu profesionaletan, eta palmares itzela eskuratu du:

Realarekin Espainiako Ligako txapeldunorde izan zen (2003).

Liverpoolekin Txapeldunen Liga (2005), Europako Superkopa (2005), Ingalaterrako Kopa (2006) eta Ligako Kopa irabazi zituen (2006).

Real Madrilekin Txapeldunen Liga (2014), Europako Superkopa (2014), Espainiako Liga (2012), Espainiako Kopa (2011 eta 2014) eta Espainiako Superkopa (2012) irabazi zituen.

Bayern Munichekin Alemaniako Liga (2015 eta 2016), Alemaniako Kopa (2016) eta Alemaniako Superkopa (2016) irabazi ditu.

Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketa (2010) eta Eurokopa (2008 eta 2012) irabazi zituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna