Heriotza

Ion Arretxe hil da

Mikel Zabalzarekin batera atxilotu zuten, eta ibai batean torturatu zuten. Berak uste du ibai hartantxe hil zutela Zabalza. Arte zuzendaria gaur hil da, haren gertukoek jakinarazi dutenez.

Arretxe, duela bi urte Zabalzari egin zioten omenaldian.
Arretxe, duela bi urte Zabalzari egin zioten omenaldian. Iñigo Uriz/Argazki Press

Berria -

2017ko martxoak 18

Intxaurrondo: la sombra del nogal liburua publikatu zuen 2013an Ion Arretxek (Errenteria 1964), Intxaurrondon jasandako torturen kontakizuna eginez.

1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten Arretxe, Altzan, Mikel Zabalza zenarekin, Idoia Aierberekin eta Manuel Bizkairekin batera. Zabalza hil egin zen, eta beste hirurak baldintzarik gabe aske utzi zituzten. Ez, baina, torturatu gabe. Berak kontatzen zuen ibai batean torturatu zutela, eta seguru zegoen Mikel Zabalzari gauza bera egin ziotela, baina hura hil egin zitzaiela, egun batzuk lehenago ebakuntza eginda ahul zegoelako. "Egoera horretan oso erraza zen hiltzea".

Rodriguez Galindo Guardia Zibileko koronela Intxaurrondon ezagutu zuen. Hark, biluzik zegoela barrabiletatik eutsi, eta esan zion "hona hitz egitera etorri zara; ez baduzu hitz egiten, lehertu arte estutuko dizkizut barrabilak".

Duela bi urte Zabaltza hil zeneko 30. urteurreneko ekitaldian parte hartu zuen Arretxek. Elkarrizketa batean esan zuen ez zituela "justizia eta erreparazioa" eskatzen, berak nahikoa zuela "egiarekin".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna