Herri galdeketak

%19,52ko parte hartzea Oiartzualdean

11.927 lagunek hartu dute parte Errenterian, Lezon, Oiartzunen eta Pasaian.

Errenteria, goizean.
Errenteria, goizean. Juan Carlos Ruiz / Argazki Press

Hodei Iruretagoiena

2017ko martxoak 19

Orain arte herri galdeketak egin dituen eskualde handiena da Oiartzualdea. Lau herri dira, baina 60.000tik gora hauteslerekin jokaleku garrantzitsua da Gure Esku Dago-rentzat. Oiartzuldeko lau herrietan, zehazki, 61.114 herritarrek izan dute estatus politikoari buruzko herri galdeketetan parte hartzeko aukera, eta ia %20 joan dira bozkalekuetara: 11.927. Bideoa: herri galdeketa Oiartzualdea-Errenterian eta Hernanin.

Oiartzunen izan da parte hartzerik handiena: %40,24koa (3.430 boto). Horietatik, 3.307k eman dute baiezko botoa (%96,53k), 45ek ezezkoa (%1,31) eta 64k zuria (%1,84). Pasaian, hautesleen %18,98k hartu dute parte (2.662 lagunek). Horietatik, 2.326 boto baiezkoak izan dira (%95,21), 66 ezezkoak (%2,70) eta 38 zuriak (1,56). Lezon, hautesleen %25,48k hartu dute parte (1.307 lagun). 1.267 baiezko izan dira (%96,57), 25 ezezko (%1,91) eta 14 zuri.

Errenterian, bi galdera

Parte hartze txikiena, berriz, Errenterian izan da: %13,54 (4.528 boto). Eskualdeko gainerako herrietan ez bezala, bi galdera egin dituzte: "Ados al zaude euskal errepublika burujabe bat eratzearekin?", zen lehenengoa. Hor, %94,25ek eman dute baiezkoa. Bigarren galdera: "Aurreko erantzuna baiezkoa bada, ados zaude independentea izatearekin?". %86,60k (4.491 boto) egin dute baiezkoaren alde hor, eta %5,01ek (260 boto) ezezkoaren alde.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna