Zergak

Enpresetan azaleratutako iruzurra areagotu egin da Araban

Sozietate zergan 53 milioi euroko iruzurra atzeman du foru ikuskaritzak, aurreko urtean baino 40 milioi gehiago.

Jose Luis Cimiano Arabako Ogasun diputatua, Batzrr Nagusietan egindako saio batean.
Jose Luis Cimiano Arabako Ogasun diputatua, Batzrr Nagusietan egindako saio batean. Juanan Ruiz / Agazki Press

Ivan Santamaria

2017ko martxoak 20

Arabako Foru Aldundiak enpresen zerga jarduerak kontrolatzeari lehentasuna eman zion joan den urtean, eta emaitzetan islatu da. Ikuskaritzaren bidez azaleratu den diruaren bi heren zerga horretan aurkitu dituzte teknikariek. Guztira, 77 milioi euro azaleratu dituzte, eta horietatik 53 dira enpresen irabaziek ordaindu beharreko zergan aurkitutakoak.

2016. urteko iruzurraren aurkako kanpainaren berri eman du gaur Jose Luis Cimiano Arabako Ogasun ahaldunak. Kanpaina horretara begira ezarri ziren helburuak "gainditu" dituztela apimarratu du. 3.273 dosier ixtea zegoen aurreikusita, eta %14 gehiago izan dira. Enpresen kontrola ere hor ageri da. Itxi diren dosierretan pertsona juridikoei egindakoak %39 handitu dira, eta pertsona fisikoei egindakoak %41 murriztu dira. Halaber, 60 milioi azaleratzeko xedea jarri zuten, eta %18 gehiago izan dira.

Ikuskaritzak propio egindako bilaketari zergak berrikusita agertu den iruzurra gehitu behar zaio. Guztira, 47 milioi izan dira kudeaketa ekintzen bidez azaleratu direnak. Hortaz, 2016. urtean herrialdean azaleratutako iruzurra, guztira, 124 milioi eurokoa izan da.

Zerga kontuei lotutako delituak ere handitu ziren joan den urtean. Foru ogasunak zazpi delitu atzeman zituen; aurreko urtean, berriz, bi izan ziren. Delitu horietan egotzitako iruzurra zortzi milioi euro ingurukoa izan zen.

Balantzearekin batera, aurtengo planaren nondik norako nagusiak azaldu ditu Cimianok. Informazio trukeari dagokionez, multinazionalen herrialdez herrialdeko emaitzen berri jasoko du ogasunak, irabaziak lekualdatzeko estrategiei aurre egin ahal izateko. Gainera, 2018. urterako BEZaren kontrol jarraia bideratzeko sistema martxan jartzea espero du, Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin elkarlanean.

Ekintzen artean, erabilera bikoitza duten software programen kontrako borrokan jarraituko du aldundiak. Gainera, zerga eginbeharrei buruzko unitate didaktikoa heldu den ikasturterako prest egongo da.

Enpresen kontrolean egindako lanean sakonduko dute, halaber. Birmoldatzeak eta kenkariak aztertuko dituzte, eta zordun diren sozietateei ikuskaritza berriak egingo zaizkie.

Bizkaiko Ogasunak ere kontabilitate bikoitza daramaten enpresen gaineko presioa handitu nahi du. Horretarako, joan den astean iragarri zuen software iruzurtiak erabiltzen dituzten enpresek beren negozio kopuruaren %20aren zigorra jarriko zaiela, eta ez %2arena, orain arteko moduan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna