Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Sei hilabete eta urtebete arteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete Kutxabank auziko hiru akusatuei

Publizitatea

Politika

'Kutxabank auzia'

Sei hilabete eta urtebete arteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete Kutxabank auziko hiru akusatuei

Dirua bidegabe erabiltzeaz errudun jo dituzte Kutxabankeko presidente ohi Mario Fernandez, Espainiako Gobernuko ordezkari izandako Mikel Cabieces eta Rafael Alkorta abokatua, baina absolbitu egin dituzte dokumentuak faltsutu izanaren akusaziotik. Helegitea aurkeztuko duela iragarri du Fernandezek.
Hiru akusatuak epaitegian. /
Hiru akusatuak epaitegian. / Aritz Loiola, Argazki Press

Errudun jo dituzte, baina ez dute espetxera joan beharko. Izan ere, epaileak sei hilabete eta urtebete arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Kutxabank auziko hiru auzipetuei: sei hilabeteko espetxealdia Kutxabankeko presidente ohi Mario Fernandezi, urtebeteko zigorra Espainiako Gobernuko ordezkari izandako MIkel Cabiecesi, eta sei hilabetekoa Rafael Alkorta abokatuari. Horretaz gain, sei hilabete eta urtebete arteko inhabilitazioa eta 4.500 eta 9.000 euro arteko isunak ere jasotzen ditu epaiak.

Auzian Kutxabankeko presidente ohiak esan zuen bi alderditako "goi mailako politikariek" deitu ziotela Cabiecesi lan irteera bat bila ziezaiola eskatzeko. Baina Kutxabankek zuzenean kontratatu ezin zuenez, Alkortaren abokatu bulegora jo zuen, eta hari eskatu Cabieces kolaboratzaile gisa kontratatzeko. Hari "bankuak" ordainduko ziola argitu ziotela esan zuen Alkortak berak auzi saioan.

Epaiaren arabera, Fernandezek "bidegabeki" erabili zuen bankuarena zen dirua Cabiecesi "mesede" egiteko, hark bankuarentzat lan egiten zuela frogatu gabe, nahiz eta Alkortak berak eta haren bulegoko kideek hala esan. Alkortaren kasuan sei hilabetekoa izan da zigorra, haren lana Cabiecesen kontratua ahalbidetzea izan zelako. Fernandezen kasuan ere aringarritzat jo dute Cabiecesi ordaintzeko erabilitako 247.000 euroak itzuli izana.

Bi eta hiru urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituzten akusazioek, dirua bidegabe erabiltzeagatik. Ondorioetan, akusazioa osatzen zuten elkarteek nabarmendu zuten Espainiako Gobernuko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkari izateagatik baino ez zutela kontratatu Mikel Cabieces, eta kontratazio hori Rafael Alkorta abokatuaren bulegoaren bidez egin zutela. Gaineratu zuten Mario Fernandez izan zela erabaki hori "aldebakartasunez eta Kutxabankeko organoen kontrolik gabe" hartu zuena.

Helegitea

Hasieratik "babesgabe" sentitu dela salatu eta epailearen erabakiaren aurka joko duela iragarri du Fernandezek, bere "izena eta ohorea garbitzeko" asmoz. Komunikabideetara bidalitako oharrean dio "Kutxabanken interesen defentsan, legez eta etikoki" jokatu duela uneoro, eta beraz, "lasai" duela kontzientzia. "Ez da inon frogatu nire interesen arabera jokatu dudanik".

Bide batez, kritikatu du ez dela aintzat hartu eurregabetasun printzipioa eta auzia hasi baino lehenago ere "errudun jo" dituztela. "Ustezko delituak frogatu beharrean, gurre errugabetasuna frogatu behar izan dugu. Horregatik diot, prozesua luzea izango den arren, helegitea aurkezteko asmoa dudala".

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak