Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Aurrekontuen oinarrizko akordioa sinatu dute Jaurlaritzak eta PPk

Publizitatea

Politika

EAE-ko aurrekontuak

Aurrekontuen oinarrizko akordioa sinatu dute Jaurlaritzak eta PPk

29 milioi euroren diru sailak adostu dituzte bi aldeek, eta, horri esker, PP abstenitu egingo da bozketan.
Azpiazu eta Danborenea, sinadura ekitaldiaren ostean.
Azpiazu eta Danborenea, sinadura ekitaldiaren ostean. Jaizki Fontaneda, Argazki Press

2017-03-20 / Edurne Begiristain

Sinatu egin dute 2017ko aurrekontuen inguruko oinarrizko akordioa Eusko Jaurlaritzak eta PPk. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak eta Anton Danborenea EAEko PPko Ekonomia bozeramaileak izenpetu dute ituna eguerdian, legebiltzarrean. Akordioari esker, Jaurlaritzak aurrera aterako ditu aurtengo kontuak; izan ere, PPk iragarri du abstenitu egingo dela bozketan. "Ez dira gure aurrekontuak, baina, akordioari esker, ezker muturraren asmoak eragoztea lortu dugu", azaldu du Danboreneak.

Denera, 29 milioi euroren sailak hitzartu dituzte, aurrekontu osoaren %0,26. Aste honetan bertan itxi nahi dute erabat akordioa –ostegunerako nahi dute izan behin betiko ituna–, eta ordurako jakinaraziko dute zein diru sailetan egingo dituzten aldaketak. PPk aurreratu duenez, zerga politikan, hazkunde ekonomikoan eta familian izango dute eragina hitzartutako sailek.

Azpiazu eta Danborenea pozik agertu dira. PPren "ahalegina" eskertu egin du Ogasun sailburuak, eta aurrekontuak izatea "albiste ona" dela azpimarratu. "Oso albiste ona da", gaineratu du Danboreneak. Halaber, txalotu egin du Jaurlaritzak "ezker muturreko" politikei bizkar eman izana eta "Europako zentroaren" alde egin izana. PPri esker, aurrekontuak "errealistagoak" izango dira, eta hazkunde ekonomikoa eta enplegua sortzea posible izango da, PPko buruzagiak nabarmendu duenez.

EH Bilduk, osoko zuzenketa

EH Bilduk iragarri du osoko zuzenketa aurkeztuko diela aurrekontuei. "Aurrekontu txarrak dira, ez dietelako herritarren beharrei erantzuten, eta are larriagoa dena, ezinbestekoa den zerga erreformaren alorrean iruzur baten atarian kokatzen gaituztelako", azaldu dute Leire Pinedok eta Iker Casanovak. Haien iritziz, Urkulluren gobernuak ez du inoiz borondaterik izan EH Bildurekin akordioa lortzeko. "Proposamen egingarriak eta neurtuak egin dizkiogu, baina txeke zuria eskatu digu". EAJk hartu duen bidea kritikatu du koalizioak, "gehiengo sozialari bizkarra eman diolako eta PPri, berriz, eskua".

Publizitatea

Sortu kontua
Edurne Begiristain

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak