Mundua

Estatu Islamikoak bere gain hartu du Londresko erasoa

Gutxienez zortzi pertsona atxilotu dituzte Birminghanen eta Londresen. Poliziak zehaztu du lau direla hildakoak, 40 urte inguruko emakume bat, 50 urte inguruko gizon bat, ustezko erasotzailea eta hark labanaz zauritutako polizia. Bestalde, 29 lagun artatu dituzte zaurien ondorioz.

Parlamentuaren inguruak itxi egin ditu Poliziak, atoko erasoaren ostean. ANDY RAIN, EFE
2017ko martxoaren 23a
11:13
Entzun

Estatu Islamikoaren oharrak zabaldu ohi dituen Amaq agentziak eman du albistea, esanez erasotzailea "Estatu Islamikoaren sordadu bat" zela. Auto batek, lehenik, hainbat lagun harrapatu zituen Westminstergo zubian, eta, jarraian, Parlamentuko hesia jo zuen. Ondoren, ibilgailuan zihoan gizonezko bat legebiltzarrera sartzen ahalegindu zen, baina segurtasun indarrek eragotzi zioten, eta labanaz eraso egin zien, eta haietako bat zauritu zuen. Poliziak hura geldiarazten saiatu ziren, eta, entzungor egiten zuela ikusita, tiroz hil zuten. Segurtasun indarrek gaur berretsi dutenez, lau dira erasoan hildakoak, ustezko erasotzailea, zauritutako polizia eta autoak harrapatutako bi pertsona.

Gaur, berriz, atxiloketak dira hizpide. Izan ere, atzo iluntzean hil zuten gizonarekin autoan zihoan beste pertsona baten bila zebiltzan segurtasun indarrak, eta, Poliziak jakinarazi duenez, zortzi dira atxilotuak, atzoko erasoarekin lotura dutelakoan. Birminghamen eta Londresen egin dituzte atxiloketak, eta hainbat bulego eta etxebizitza miatu ere egin dituzte. Operazioa zabalik dago oraindik.

Segutasuna ezbaian

Erasoa Londresko Parlamentuko ateetan gertatu izanak segurtasunaren inguruko kezka zabaldu du. Horiek hala, segurtasunari buruzko larrialdiko bilera gingo dutela iragarri du Komunen Ganberako bozeramaileordeak, Lindsay Hoylek. "Zehazki zer gertatu den jakin nahi dugu, informazio horretan oinarrituta segurtasun neurriak zorrozteko, ez bakarrik Komunen Ganberakoak, baita Lorden Ganberakoak ere".

Bestalde, Londresko alkate Sadiq Khanek elkarretaratzea antolatu du iluntzerako, hildakoak omendu eta "ekintza terrorista" gaitzesteko. Protesta isila egingo dute, Trafalgar plazan, arratsaldeko seietan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.