ETA-ren armagabetzea

"Apirilaren 8an milaka izanen gara bakearen aldeko artisauak"

Bakearen artisauekin eman dute prentsaurrekoa, eta beraiek ere bakearen artisauak direla jakinarazi. Gainera, batzeko deia egin diete "bake zuzen eta iraunkorraren arrangura" dutenei. Apirilaren 8an Baionan elkartuko dira. Ekhi Erremundegik zuzeneko kontaketa egin du. Armagabetzea "preso eta biktimen gaia konpontzeko" bidearen hasiera dela azpimarratu dute (bideoa albiste barruan).

Gizarte zibileko eta erakundeetako eragileen agerraldia.
Gizarte zibileko eta erakundeetako eragileen agerraldia. / Isabelle Miquelestorena

Berria

2017ko martxoak 23

Mixel Berhokoirigoinek azpimarratu du elkartu diren guztiak direla bake artisauak. Ekimenera batzeko deia egin diete, gainera, hala nahi duten artisau guztiei. "Armagabetzea ez da bukaera. Bidearen hasiera da preso eta biktimen gaia konpontzeko", azpimarratu du. Gainera, ez du etsi Frantziako Estatuaren parte hartzea izateko aukerarekin: "Gure helburua armagabetzea botere publikoekin egitea da. Ez da beranduegi; dena posible da". Instituzioekin harremanik ba al duten galdetuta, baietz dio: "Guziekin harremanetan gara, guziekin konfiantzazko harremana. Goizegi ezer publiko egiteko". Bideoa: agerraldiaren laburpena (Lara Madinabeitia BERRIA TB).

Bakearen artisauek joan den astean jakinarazi zuten ETAren armagabetzea apirilaren 8an amaituko dela. "Publikoa eta egiaztatua" izango dela ere jakinarazi zuten. Armagabetzea jendaurrean iragarri orduko, oztoporik ez jartzeko eskatu zieten Espainiako eta Frantziako gobernuei Euskal Herriko hainbat eragilek. Gainera, PSE-EE eta EAJ ados jarri dira armagabetzea babesteko testu bat onartzeko. Jaurlaritzak azpimarratu du ETAren armagabetzean "zubi lana" egingo duela prozesuan inplikatuta dauden solaskideen artean, "orain arte egin duen bezala".

Agerraldian, adierazi dute Luhusoko armagabetze saioak "perspektiba berriak" ireki dituela ETAren armagabetzeari eta Euskal Herriko bake prozesuaren garapenari begira: "Armagabetzean eta gatazkaren konponbide orokorrean inplikatu dadin Frantziako Gobernuari luzatu zaizkion eskaerak, eta bereziki Ipar Euskal Herriko 650 hautetsik egindakoa, erantzunik gabe gelditu dira orain arte".

Hautetsiek eta gizarte zibileko eragileek uste dute "nazioarteko adituek egiaztatutako armagabetze ordenatu batean, Frantziako Gobernuaren parte hartzea opzio hoberena" dela: "Baina bake prozesuaren geldiune baten arriskuaren aitzinean bakoitzak bere ardurak hartu behar dituela pentsatzen dugu prozesu hori bururaino joan dadin eta Euskal Herrian bake zuzen eta iraunkor bat finkatu dadin".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna