Sinboloak

Debekua kendu, eta gatazka hasi da

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak 2003ko Ikurren Legea indargabetu dute. UPNk eta PPk eztabaida eten nahi izan dute, eta laukoak "banderen gerra" piztu nahi izatea egotzi die.

UPNko parlamentarien eserlekuak, hutsik.
UPNko parlamentarien eserlekuak, hutsik. Jagoba Manterola / Argazki Press

Joxerra Senar -

2017ko martxoak 31

EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, "partida hasi besterik ez da egin". UPNk iragarri du auzitara jotzeko asmoa dutela udal batean ikurrina jartzen den unean bertan. Araizek gogorarazi dio zazpi erkidegoetan ez dagoela ikurren erabilera arautzen duen legerik, eta "lasai" egoteko aholkatu dio. Politikoki zein juridikoki gatazka hori gal dezakeela ohartarazi du.

Araizi egokitu zaio 2003ko ikurren legea indargabetzeko proposamena defenditzea. Araizen arabera, 2003an beste gehiengo bat zegoen, eta UPNk, CDNk eta PSNk bultzatu duten legearen helburu nagusia zen ikurrina debekatzea. Haren ustez, lege "baztertzailea" izan da, eta udalen autonomia ez du errespetatzen. Horregatik, legea kenduta, "ez dago inposiziorik". Haren irudiko, legea indargabetuta ez da segurtasun juridikoa urratuko. "Eta ez esan gezurrik. Nafarroako ikurrak ez dira desagertuko", esan die oposizioko alderdiei.

Geroa Baiko Koldo Martinezek antzera hitz egin du: "Nafarroak ez ditu sinboloak galduko. Egon lasai, egon lasai. Esan dezakegu ozenago, euskaraz edo ingelesez, baina ez dira sinboloak galtzen". UPN, PP eta PSNri "banderen gerra" ireki nahi izatea aurpegiratu die eztabaida hasierako ikuskizunaren aurrean.

Ahal Dugu-ko Mikel Builek gogorarazi du 2003ko legea "baztertzailea" zela eta zigor zein isun ugari eragin dituela. Haren irudiko, oposizioko alderdien atzean "hauteskunde kutsuko interesak" daude.

Ezkerrako Jose Miguel Nuinek esan du 2003ko posizio bera duela Ezkerrak. "2003ko legearen helburu bakarra debekua zen". "Nafarroa plurala da, eta ez luke arazorik egon behar aniztasuna askatasunez bizitzeko. Entzungor egin behar diegu herritarrak zatitzea eta banatzea bilatzen duten diskurtso horiei".

Esparza: "Min ematen dit"

UPNko Jose Javier Esparzaren arabera, "egun tristea" da gaurkoa: "Ez da lehen egun tristea. Gobernuko lehendakari egin zinekoa izan zen lehen egun tristea, HBren oinordekoei esker egin zinelako presidente", esan dio Uxue Barkosi. Gezurra esatea aurpegiratu dio laukoari. "Gezurra da 2003ko legea baztertzailea dela esatea. Gezurra da sentsibilitate guztiak ahalbidetuko direla orain edo normaltasunaren sintoma argia dela".

Barkosi eta EH Bilduri esan die ikurrina "nazionalisten bandera" dela eta azkenean Nafarroaren estatusa aldatzea bilatzen dutela. "Min ematen dit", gaineratu du. Ohartarazi du udal batek ikurrina jartzen duen unean auzitara joko duela UPNk. "Demokrazian oinarrizkoa dena bermatu nahi dugu: nafar guztientzat legea betetzea, baldintza berberetan egitea eta ez dadila zure legea bete. Nahiz eta lehendakari izan zure legea ez da nafar guztiena".

PSNko Maria Txibiteren arabera, euskal abertzaletasunak "urrats bat gehiago" egin du ikurren legea indargabetuta. EAJko Xabier Arzalluzen hitzak hartu eta abertzaletasuna mendian gora sigi-saga dabilela uste du, "baina beti gorantz". Hartara, Ahal Dugu-ri "EH Bilduren anaia bikia" izatea eta Ezkerrari "joko horretan sartzea" aurpegiratu die.

PPko Ana Beltranek, berriz, Nafarroako bandera bat jarri du hitz egiten hasi aurretik. Haren irudiko, Barkos da erantzulea, lehendakari gisa baiezko botoa eman duelako. "Nafarroa identitatez umezurtz utziko duzu". Haren ustez, haustura soziala eragingo du 2003ko legea indargetzeak. "Zu izango zara sor daitezkeen gatazken erantzule. Nafar on eta gaiztoen artean bereizi gaituzu", leporatu dio Barkosi. Ohartarazpen bat igorri dio laukoari ere: "Iltze bati helduta zaudete, baina noizbait iltzea aterako da, eta zuek atzetik joango zarete. Okerrena da Nafarroa ere atzetik joango dela".

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna