20. Korrika

Emozioz borborka abiatu da hogeigarren Korrika

Korrikaren sortzaileek eraman dute lekukoa aurreneko kilometroan, eta bereziki omendu dute Joseba Kanpo otxandiarra. Urtsa Errazti Korrikaren sortzaileak egin ditu aurreneko metroak lekukoarekin. BatZuk lelopean, 2.500 kilometro egin eta gero, apirilaren 9an amaituko da Korrika Iruñean, Euskal Herri osoa zeharkatu ostean. Bideoa: Korrika Gasteizko kaleetan. (Lara Madinabeitia / Berria TB).

Berria -

2017ko martxoak 30

Hunkigarria izan da oso. Pozarez pozez, lekukoari musuka jardun da aurreneko kilometroan Kanporen familiako kide bat. Malkoak begietan, eta pozik, irribarrez, eta jendearen txaloez babestuta. Izan ere, Korrikaren sortzaileek eraman dute lekukoa aurreneko kilometroan, eta hainbeste urtean lekukoa askotan eraman duten arren, berezia izan da gaurkoa haientzat, omenaldia ere jaso baitute.

Hamar egunez herriz herri, gau eta egun, atsadenik gabe, milaka lagunen eskuetatik pasatuko da lekuko hori, apirilaren 9an Iruñera iritsi bitartean. Era guztietako jendeak hartuko du: gazte, zahar, haur... euskarak batuko ditu guztiak.

Bigarren kilometroa Euskal Herriko hiriburuetako alkateek egin dute. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Baionako alkatea, Gorka Urtara Gasteizko alkatea, Mixel Etxebest Maulekoa, eta Joseba Asiron Iruñekoa ziren lekukoa ematekotan. Asironek azkenean ezin izan du korrika egin, zuntz haustura bat duelako, baina Otxandion izan da hala ere.

Korrika abiatu aurretik egun osoko festa egin dute Otxandion. Korrika txikia egin dute goizean, adibidez, eta egun osoan jai giroa izan da nagusi. Ekitaldia ere egin dute bidea abiatu aurretik. Eta BERRIAk zuzenean eman du haren berri, beste hainbat euskal hedabiderekin batera egindako elkarlanean. Zuzeneko kontaketa ere egin dute kazetariek bertatik.

Datozen egunetan ere jarraipen zabala egingo dio BERRIAk korrikari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna