Futbola

Aduriz eta Williams, Osasunaren borrero

Sadarren lortutako garaipenarekin (1-2) Athleticek beste urrats bat egin du Europara sailkatzeko; Osasunak bigarren zati txukuna jokatu du, baina ezin izan du denboraldiko bigarren garaipena lortu. Gorritxek apenas duten aukerarik mailari eusteko.

Jesus Diges / Efe

Ainara Arratibel Gascon -

2017ko apirilak 1

Golak: 0-1: Adurizek (12. min);  0-2 Williamsek (44. min); 1-2 Sergio Leonek (79. min).

Athleticen eta Osasunaren egoera zein den argi geratu da gaur arratsaldean Sadarren jokatu den derbian. Txuri-gorriek ez dute aurreko denboraldietan erakutsitako joko ona egiten, baina aurrealdean huts egiten ez duten bi jokalari dituzte: Aduriz eta Williams. Hain zuzen ere, bi jokalari horiek izan dira Valverderen taldearentzat partida erabaki dutenak. Norgehiagoka hasi eta gutxira aurreratu da Athletic. 12. minutuan Adurizek ederki baliatu du Williamsen eta De Marcosen arteko jokaldi on bat. Hala, aurrelariak 100. gola sartu du ligan Athleticekin. Osasuna saiatu da egoera iraultzen, eta handik minutu gutxira partida berdintzekotan egon da, Oierrek zutoinera bidali baitu baloia. Zorteak ere izkin egin dio Osasunari aurtengo sasoian. Minutu batzuetan Osasunak estu hartu du Ahtletic, baina nahi eta ezin. Atsedenerako minutu eskas falta zela, ordea, Valverderenek bigarren gola sartu dute. Williamsek sartu du gol hori. Kolpe gogorra Izan da Osasunarentzat, aldageletara joan aurretik.

Bigarren zatia borrokatua izan da, derbietan ohikoa izaten den gisan. Athletic eroso egon da abantailarekin, eta Osasuna saiatu da, baina ezin. 10 minuturen faltan Sergio Leonek gola sartu du gorritxoentzat, arean trebe aritu ondoren. Partida amaitu arte emozioa izan da nagusi, baina halaxe bukatu da. Gaurko garaipenari esker, Athleticek puntu batera du seigarren postua. Osasunak, berriz, zulo betean jarraitzen du.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna