Presoak

Bederatzi urtez luzatu du Espainiako Auzitegi Gorenak Unai Paroten espetxealdia

Unai Parot ETAko presoaren defentsak aurkeztutako kasazio helegitea ontzat eman du Espainiako Auzitegi Goreneko Bigarren Salak, baina, era berean, zigorrak arintzeko araudiaren irakurketa berezia aplikatu du. Ondorioz, bederatzi urtez luzatu du Paroti ezarritako espetxealdia: 2011n irten behar zuen zigorra beteta, baina Gorenaren ebazpenagatik ez da 2020 arte aske geratuko. Azken batean, defentsak eskatu bezala Paroten zigorrak 30 urteko bakar batean metatzea onartu du Gorenak, baina aringarriak aplikatuko ez dizkiotenez, urte horiek denak oso-osorik egin beharko ditu kartzelan.

Berria -

2006ko otsailak 20
Bigarren Salako epaimahaiburu Juan Saavedra eta hamalau epaileek hartu dute Parotek bete beharreko zigorrari buruzko erabakia. Hasiera batean, bost epailek aztertu behar zuten kasazio helegitea, baina kasuaren "konplexutasuna eta garrantzia publikoa" kontuan hartuta, azkenean, Sala osoak parte hartu du deliberazioan. Parot epaitu zutenean 4.799 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 82 hilketagatik. Orduan indarrean zegoen Kode Penalak horiek guztiak 30 urteko kartzela zigor bakarrean metatzea agintzen zuen; ondorioz, eta aringarriak aintzat hartuta, 2011n aske beharko luke ETAko presoak. Berriki ordea, ETAko presoekin doktrina berria erabiltzen hasi da Auzitegi Nazionala: preso horietako zenbaitek beren jardun deliktiboa ondo bereizitako bi epetan eraman zutela aurrera dio Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, eta, beraz, zigorra ezin dela 30 urteko bakar batean metatu. Ondorioz, 30 urteko bi espetxealdi hasi da preso horiei ezartzen. Hori aplikatukta ia bizi osoko espetxealdia bete beharko luke Parotek. Erabaki horre aurka kasazio helegitea aurkeztu zuen Paroten defentsak, eta Auzitegi Gorenak, nolabait, erdibideko erabaki hartu du: batetik, ETAko presoari ezarritako zigorrak bakar batean biltzearen alde agertu da, legediak hala agintzen duela argudiatuta. Bestetik, ordea, zigor aringarrien aplikazioaren irakurketa berezia egingo du: hau da, aringarria zigorretako bakoitzari aplikatu behar zaiola ebatzi du, eta, beraz, bat osorik betetakoan hasiko litzatekeela hurrengoaren aringarria aplikatzen. Horren ondorioz, aringarriek ez dute eraginik, eta 30 urteak osorik bete beharko ditu Parotek. Azken batean, Parot 2011n barik 2020an utziko dutela libre erabaki du Gorenak. Gainera, Parot berriro auzipetu zuen Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak hil honen 8an, ustez ETAko zuzendaritzari gutun bat idatzi ziolako. Talde armatuko kide izatea eta atentatuak egiteko konspiratzea egotzi dio Grande-Marlaskak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna