Pilota

Irribarriak eta Rezustak lortu dute binakako txapela (22-14)

Inoizko txapeldunik gazteena bihurtu da Irribarria, 20 urterekin. Banakakoan ere bera da txapela gazteen lortu duen pilotaria. Dizdira handirik gabeko partida jokatu dute.

Berria -

2017ko apirilak 9

Iker Irribarria eta Beñat Rezusta izan dira nagusi Bilboko pilotalekuan. Bengoetxea eta Larunbe parean ibili zaizkie hasieran, baina azkenean 14an geratu dira.

Estrategia argia izan dute gorriek: ahal zuten pilota guztiak atzera bota, Bengoetxeari sartzen ez utzi, eta Larunbe zigortu. Eta ondo atera zaie. Bengoetxeak ez ditu alferrik galdu eman dizkiten aukerak, baina gutxi izan ditu. Eta Larunbek pilota asko galdu du.

Elkarri alderik atera ezinda hasi dute partida Irribarria-Rezustak eta Bengoetxea-Larunbek. Berdinketa berdinketaren atzetik. 

Aurrera egin ahala, gorriek tartetxoa atera diete urdinei, 11 eta 6 jarri direnean izan dute bost tantoko koska aurreneko aldiz, eta hortik aurrera haien parera iritsi ezinda ibili dira urdinak. Hortxe jokatu dute partidako tantorik peloteatuena, eta azkenean, gertu-gerturaino iritsi zaizkie urdinak 13 eta 12 jarriz.

Berdintzeko aukera galdu du Larunbek pilota garbia huts eginez, eta 14 eta 12 jarri dira. Koska handitzen joan da hortik aurrera, eta ez dituzte gehiago harrapatu. Azkenean, 14an gelditu dira urdinak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna