Hegazti gripea

Mobilizazio jendetsuen ondorioz, hiru etxaldeetan ez dituzte kabalak hil

Hegazti gripearen kontrako neurrien ondorioz, Gabadi, Domintxine eta Barkoxeko hiru etxaldeetan ahate eta oiloak hiltzeko abisua emana zuten. Estatuko osasun zerbitzuak poliziaz inguraturik agertu ziren hiru etxaldeetara atzo, baina mobilizazio jendetsuek ez zituzten kabalak hiltzera sartzen utzi.

Gabadin, Luma etxaldean goiz honetan. JOANES ETXEBARRIA
Joanes Etxebarria.
2017ko apirilaren 15a
10:53
Entzun

Herenegundik etxalde bakoitzean ehun pertsonaz gora bilduak ziren ELB sindikatuaren deialdiarekin bat eginez. Domintxinen eta Barkoxen ahate hazkuntzak dira, eta Gabadikoan, berriz, oiloak. Mobilizazioetan oroitarazi dute joan den astean odol kontrolak egin eta kabala horiek guztiak sanoak direla frogatu dutela. Domintxineko Eihartzea etxaldeko Jean Mixel Berhok sostengatzaileei oroitarazi die hegaztien gripea "beti" izan dela eta kabaleen kontzentrazioa dela "gripearen hedatzearen hobenduna”. Etxalde bakoitzean estatuko zerbitzuak sartu dira kabalak ikustera, eta Gabadiko hazleari etxaldeko arrautzak saltzea debekatu diote.

Mobilizazioetan etxaldeetara sartzeko bideak oztopatu dituztenez, estatuko zerbitzuek deliberatu dute kabalak hiltzera ez sartzea azkenean. Haatik, prozedurak segi lezake, eta hazleei jakinarazi zaie isun arriskuak izan daitezkeela ondoko egunetan. Barkoxeko Uhartia etxaldean hautetsi anitz ere izan dira sostengatzaileen artean, hala nola Maule eta Atharratzeko auzapezak eta Jean Pierre Mirande kontseilari nagusia. ELB sindikatuak jakinarazi du laster kolektiboki nola mobilizatzen segitu beharko den deliberatuko dela.

 

Argazki galeria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.