DANTZA

"Euskal Erupzioa" izango du aurten Kataluniako Sismograf dantza jaialdiak

Jaialdia urtero antolatzen dute Oloten (Girona), eta aurten bederatzigarren aldia izango du, apirilaren 20tik 23ra bitartean.

/ Etxepare Institutua

Berria

2017ko apirilak 20

Sismograf dantza jaialdiak Euskal Herrian eta bertako dantzan arreta jarriko duen leihoa izango du aurten, Etxepare institutuaren babesaz: "Erupcio Basca" (Euskal Erupzioa). "L´Erupcio" Sismograf jaialdiaren proposamen berria da, eta fokoa dantzagintzaren alderdi zehatz batean jartzean datza: ideia bat, mugimendu bat, koreografo bat, dantzari bat, konpainia bat... edota lurralde bat, testuinguru zehatz bat. 2017ko aldirako "Euskal Erupzioa" sortzea erabaki dute, euskal dantzagintzatik datozen elementuei garrantzia emanda, eta euskal lurraldeari eskainitako zikloa programatuta.

ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea han izango da, baita Etxepare institutuko kultur zuzendari Irene Larraza ere. Lau euskal konpainiaren lanak ikusi ahal izango dira jaialdian: The Endgame (Løkke | Olatz de Andres), Barbecho (Natxo Montero Danza) eta Lur Away (Compañía Sra. Polaroiska). Brodas Bros eta Kukai Dantzaren Topa ikuskizuna ere izango da ikusgai, Sismograf eta Leioako Umore Azokaren arteko koprodukzioa. Ikuskizunez gain, Sala Torin gunea ere euskal egoitza bilakatuko dute, eta "erupzio" horrekin zerikusia duten ekintzak antolatu dituzte.

Duela zortzi urte jaiotako jaialdia Kataluniako arte eszenikoen azoka estrategikoetako bat da, El Trapezi de Reus, Fira Tarrega, La Mostra d´ Igualada eta halako jaialdien mailakoa. Sortzaile eta programatzaileen arteko topalekua da, eta iaz 15.000 parte hartzaile bildu zituen.

200 programatzailetik gora izango dira aurten bertan, Kataluniakoak zein nazioartekoak: esaterako, Herbehereetatik, Belgikatik, Alemaniatik, Frantziatik, Ingalaterratik, Kanadatik eta Koreatik joango dira. Bestalde, 40 konpainiatik gora izango dira 50 ikuskizun baino gehiago eskainiko dituen jaialdian; horietariko zazpi, estreinaldiak eta beste ekitaldi artistikoekin koprodukzioak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna