Mundua

Bozak baldintza ditzake

Frantziako presidentetzarako zenbait hautagaik botoak eskuratzeko erabili nahi izan dute Parisko erasoa. 50.000 polizia eta militar izango dira bihar kalean.

Poliziak itxi egin ditu Eliseoko Zelaietako inguruak. Irudian, oinezko batzuk miatzen.
Poliziak itxi egin ditu Eliseoko Zelaietako inguruak. Irudian, oinezko batzuk miatzen. IAN LANGSDON / EFE

Ander Perez Zala

2017ko apirilak 22

Bart gauean Parisen izandako erasoak hartu du protagonismoa Frantziako presidentetzarako hauteskundeen kanpaina amaieran. Esaterako, mugak gogortzeaz jardun dute eskuineko hautagaiek. Francois Fillon Errepublikanoen presidentegaiak Schengeneko Ituna berriro negoziatzeko asmoa adierazi du, eta beharrezkotzat jo estatuetako mugetako kontrolak indartzea. Hark irabaziz gero, "larrialdi egoerari eta mugen kontrolari" eutsiko dio.

Fronte Nazionaleko hautagai Marine Le Penek, berriz, eskatu du "berehala" berrezartzeko estatuen arteko mugak: "Terrorismoaren aurkako borroka hasten da gure muga nazionalak berreskuratuz eta sineskortasuna amaituz". Bernard Cazeneuve lehen ministroak, ordea, Le Peni egotzi dio atentatua bere mesedetan erabili nahi izatea.

Inkesten arabera, Emmanuel Macron (En Marche) eta Le Pen dira bigarren itzulira igarotzeko aukera gehien dituzten hautagaiak; hurrenez hurren, botoen %24 eta %22 eskura ditzakete, Ipsos etxearen arabera. %19na berdinduta leudeke Jean Luc Melenchon (La France Insoumise) eta Fillon, eta apenas lukeen aukerarik Benoit Hamon PSko hautagaiak (%7,5). Hala ere, botoa emateko asmoa duten hirutik batek ez du oraindik botoa erabakita.

Defentsa kontseiluaren bilera

Erasoa nork egin duen ez da argi izan lehen orduetan, baina Estatu Islamikoak bere gain hartu du. Aldarrikapen hori ezagutu aurretik, François Hollande presidenteak adierazi du "izaera terroristako" zantzuak aurkitu dituztela.

Bernard Cazeneuve Frantziako lehen ministroarekin bilera egin du Hollandek gauean, eta, ondorengo agerraldian, frantziarren segurtasuna gordetzeko poliziek egiten dute lana goratu du. Ostiral goizean, berriz, defentsa kontseilua bildu du Cazeneuvek. Jakinarazi du hauteskundeen lehen itzulirako segurtasuna indartuko duela; guztira, 50.000 polizia eta militar ariko dira lanean bozak normal izan daitezen.

Polizia bat hilik

Parisen, Eliseoko Zelaietan, beren autoaren inguruan zeuden polizia batzuen aurka tiroka hasi da erasotzailea. Ostegun iluntzean gertatu da, 21:00ak aldera. Polizia bat berehala hil da. Beste bi lagun zauritu dituzte, baina arriskutik kanpo daude.

Erasotzailea polizien bila joan dela azaldu du Barne Ministerioak, nahiz eta ez duen beste xehetasunik eman, "inkestari kalte ez egiteko". Ez dago argi pertsona bakarrak egin duen erasoa, edo gehiago izan diren. Ustez poliziei tiroka hasi den pertsona, berriz, lekuan berean hil dute. Inguruko kaleak itxi, eta ikerketa hasi dute poliziek. Dagoeneko jakinarazi dute, ordea, hildako pertsona hori susmagarrien fitxero batean zeukala Poliziak. Ustez, kalaxnikov batekin egin die erasoa.

Hauteskundeetako hautagaiek beren doluminak aurkeztu dizkiete hildako agenteari eta Poliziari, eta beren esker ona adierazi, egiten duten lanagatik. François Fillonek eta Marine Le Penek, behin-behinean, bertan behera utzi dituzte kanpainako ekitaldiak. Horiei batu zaie Emmanuel Macron ordu batzuk geroago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna