HAURRAK

Ongizatearen bermatzaileak

Herriak benetako bizitzeko espazio bilakatzeko bidean haurrek duten garrantzia azpimarratu dute Haurren Hiria sarearen sustatzaileek. Zortzi udalek bat egin dute jada umeen parte hartzea eta autonomia sustatzen dituen sarearekin, baina gehiago ere ari dira beharrean.

Proposamen zehatzak zein orokorragoak egiten dituzte umeek haurren kontseiluetan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Natalia Salazar Orbe.
2017ko apirilaren 21a
12:02
Entzun

Atzean geratu dira ikastetxetik atera, askaria jaso eta afalordura arte kaleak umez betetzen zireneko garaiak. Builaka, saltoka, barrezka edo sarritan mokoka aritzen ziren. Betiere, aske, helduen etengabeko begiradapean eta zaintzapean egon gabe. Aldaketa hori ez da gertatu Bizkaian edo Euskal Herrian soilik. Kaleak herritarrentzako berreskuratzeko egarria ase nahian ari dira munduko hainbat txokotan. Horren adierazgarri da Francesco Tonuccik Fano (Italia) jaioterrian abian jarri zuen Haurren Hiria proiektua. Tonuccik landatutako hazia Euskal Herrira ere iritsi da: Haurren Hiria sarea osatu dute. Bizkaian, zortzi herrik bat egin dute proiektuarekin: Bakio, Balmaseda, Bilbo, Erandio, Ermua, Larrabetzu, Leioa eta Sopuertak. Hala ere, badira sarean sartzeko lanetan ari diren beste batzuk ere.

Belaunaldiz belaunaldi atzerakada handia egon da haurren autonomiari dagokionez. Hala ekarri du gogora Goizalde Atxutegi Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako proiektuaren arduradunak. Agentzia horrek sustatzen du proiektua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, EHUko Irakasle Unibertsitate Eskolekin, Solasgunerekin eta Leioako Udalarekin batera. “Horretan hirigintzak izan du eragina, baina gauza gehiago ere badaude tartean: zenbat denbora daukate umeek kalean egoteko? Zeintzuk beldur ditugu helduok kalean daudenean? Eta beldur horiek zenbateraino daude datu objektiboetan oinarrituta?”.

Beraz, helburua argia da: zeintzuk aldaketa egin behar ditu herri batek egiturei zein herritarren arteko harremanei dagokienez herria benetan bizitzeko espazio bat bilaka dadin? “Umeak bizitzeko espazio horretarako bidearen sinboloa dira”.

Proiektuaren ardatzak

Bi lan ildo ditu proiektuak: parte hartzea eta autonomia. Parte hartzea lantzeko, Umeen Kontseilua dago. Alkatetzarekin du lotura zuzena, eta aholkulari batzorde gisa funtzionatzen du. Edozein parte-hartze prozesuk dituen baldintzak ditu kontseilu horrek. “Hasieratik zehaztu behar dute udalek zer eragin izango duen prozesuak, noraino helduko den, zeintzuk diren prozesuaren mugak eta kontsultarako soilik edo loteslea izango den”.

Izan ere, umeak komunitatearen parte dira. Hala ere, haien behar eta iritziei helduen ikuspuntutik erreparatzen zaie; helduek soilik jakingo balute bezala zeintzuk beharrizan dituzten.

Haurrek herriarekiko beste harreman bat aldarrikatzen dute. Pertsona gisa har ditzaten nahi dute. Alegia, komunitateak euren iritzia entzun eta kontuan har dezan. Eta horretarako eskubidea ere badute, legeak hala aitortuta. Hitza emanez gero, argi adierazten dituzte euren sentimenduak: “Helduek ez digute jaramonik egiten. Ekar dezatela gogora haiek ume zirenekoa, entzun gaitzatela gehiago”. “Ondo tratatu, pertsonak bagina bezala”. “Heldu batzuek haurtxoak bagina bezala edo ezer jakingo ez bagenu bezala tratatzen gaituzte”. “Parte hartu ahal dugula sinestea zaila da”. Sareak azaroan Bilbon egin zituen jardunaldietan umeek egindako adierazpenetako batzuk besterik ez dira. Denei barrenak astintzeko moduko iruzkinak dira, Atxutegiren esanetan: “Umeei nondik hitz egiten diegu? Euren gaitasunak edota desberdintasunak onartu eta euren iritzia kontuan hartuta egiten al dugu?”.

Autonomia berreskuratu

Umeak kalean daudenean herriak denentzako seguruagoak direla dio corpus teoriko batek. “Baita pertsonen arteko harremanak aldatu egiten direla ere, umea elementu loteslea delako komunitatearentzat”. Autonomiaren lan ildoa sartzen da orduan jokoan. “Umeek komunitatean autonomia lantzeko proiektu bat garatuta, bilatzen duguna da komunitate horretan sortzen diren umeen zein helduen arteko harreman pertsonalak eraldatzeko modu bat”.

Eskolara lagun artean joateko proiektuak gorpuztu du hori. Hirian aldaketa fisikoak egiteaz gain, pertsonengan ere sortu behar dira aldaketok. Enpresa batean aldaketa fisikoek langileen arteko harremanetan eragin ditzaketen aldaketekin konparatu du egoera Atxutegik: “Garai batean, espazio irekiak jarri ziren modan. Enpresa edo erakunde batean proposatzen baduzu jendeak elkarrekin lan egin behar duela, lau horma bota, eta errazago barneratzen da aldaketa. Espazio fisikoek aldaketa hori egiten laguntzen digute”. Baina espazio fisikoen aldaketak ez dira nahikoa. “Denok bat egin behar dugu ekimen horrekin. Hori dela eta, ekimena modu parte hartzailean eta zabalean lantzen da”. Eskolarako bidearen proiektuaz gain, asteburuetan kiroldegira edo kultur etxera bakarrik joan ahal izateko proiektuak ere lantzen dituzte.

Herri eta hiriak piramide batean oinarrituta garatu dira hirigintza aldetik. Kalean autoa da nagusi, eta gero datoz bizikleta eta oinezkoa. Horixe da aldaketa fisikoei dagokienez irauli behar den ardatzetako bat: oinezkoek berreskuratu behar dute lehentasuna kalean.

Hausnarketa helduak

Umeek sarri uste den baino hausnarketa sakonagoak egiteko gaitasuna dute. Hala utzi zuten agerian azaroko jardunaldiek ere. Ondorengoak haurrek egindako irakurketa eta proposamenetako batzuk dira: “Badago lanik ez duen jendea. Aldi berean, helduek gurekin jolasteko astirik ez duzuela esaten diguzue. Zergatik ez duzue egiten lan gutxiago eta dagoen lana banatzen?”. Hausnarketa bistakoa, logikoa. Era berean, sistema kapitalistak ezarritakoaren aurkako aldarri hausnartua. Jardunaldietan izan ziren guztiei zer pentsa eman zien. “Desazkundearen teoria da hau, lan banaketarena, lanorduen murrizketarena. Hori guztia, oso modu sinplean esanda”.

Haurrekin berrikuntza proiektuak lantzeko aukeretako bat ere bada zalantzan jartzen ez diren gauzak zalantzan jartzea. “Gauzak era batera zergatik ez diren egiten azaltzen ez dakizunean, pentsatzen duzu: ‘Bada, egia da. Eta hau guztiau aldatzea hain zaila al da? Edo borondate kontua da?'”. Mundua eraldatu eta guztientzako bizileku eroso, egoki eta parte hartzaile bihurtzeko erabakia denen esku dago. Alde guztiak entzutea eta elkarrekin lanean jardutea da giltzarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.