mendia

Ueli Steck mendizalea hil da

Suitzarra Everesten hil da. 1976an jaioa, Steckek Urrezko Pioleta irabazi zuen 2009an eta 2014an, eta ezagun egin speed climbing modalitatean.

Steck, eskalatzen.
Steck, eskalatzen. / BERRIA

Berria -

2017ko apirilak 30

Marka ugari hautsitakoa zen; esaterako, lehena izan zen Annapurnara bakarrik igotzen. 2015ean, berriz, Alpeetako 4.000 metrotik gorako 82 tontorretara igo zen 62 egunean.

Everesteko bigarren kanpalekutik gertu izan du istripua Makina suitzarra ezizenez ezagun zenak; Nuptse mendian gora zihoala, mila metrotik behera amildu da. Sei lagunek topatu dute, eta Katmandura eraman dute gorpua. Munduko tontorrik garaienera igotzeko asmoa zuen datorren hilean, eta egokitzen ari zen.

2008ko maiatzean Annapurnako hegoaldeko aurpegitik bide berria irekitzen ari zela laguntza dei bat jaso zuen Steckek. Bertan behera utzi zituen momentu hartako asmoak, eta Iñaki Otxoa de Olza mendizale iruindarra salbatzera abiatu zen ziztu bizian. Oso gutxiren esku dagoen denboran iritsi zen 7.400 metrora, mendizale nafarra zegoen tokira. Ezer gutxi egin ahal izan zuen Otxoa de Olza onik ateratzeko, eta nafarra hil egin zen. Horrela kontatu zuen Pura vida dokumentalean:

Stecken bozeramaile Andreas Bantelek esan du oraindik ez dakitela zer dela-eta gertatu den ezbeharra, eta eskatu du zurrumurrurik ez zabaltzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna