Telebista

'La casa de papel' telesaila liderra Espainian, %25,1eko ikusle kuotarekin

Itziar Ituño aktorearen eta telesail horren aurka zenbait eremutan egin zuten jazarpenak ez du eraginik izan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %17,8ko kuota izan zuen telesailaren estreinaldiak.

Itziar Ituño aktorea
Itziar Ituño aktorea Atresmedia

Urtzi Urkizu -

2017ko maiatzak 3

Itziar Ituño Basauriko aktorearen aurka jo dute Espainiako muturreko eremuetan, sare sozialen eta atari digitalen bidez. La casa de papel telesailari boikota egiteko eskatu zuten zenbaitek, #boicotlacasadepapel traolarekin. Euskarazko mezuetan, aldiz, aktorearekiko elkartasuna gailendu zen. Zinea.eus atariak, adibidez, editoriala plazaratu zuen atzo aktorearen alde.

Boikot deialdiak, ordea, ez du inolako eraginik izan. 4.090.000 ikus-entzulek ikusi zuten osorik telesailaren aurreneko atala —Espainiako, Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako datuak aintzat hartuz—. Bere ordutegian liderra izan zen telesaila. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datua txikiagoa izan zen Espainian baino: %17,8. Hala ere, bere ordutegian gehien ikusia izan zen, eta 127.000 ikusle izan zituen. Egun osoan gehien ikusiriko emanaldia, bai hiru herrialdeetan bai Espainian, Real Madril-Atletico Madril futbol partida izan zen —telesailaren aurretik eman zuten Antena3en bertan—. Nafarroako daturik ez dago, beste erkidego batzuekin batera zenbatzen dituztelako.

ETB1eko Ur handitan saioak erreportaje interesgarri bat eman zuen, eta %3,9ko ikusle kuota lortu —34.000 ikus-entzule—. Apirilean, batez beste, %2,2ko kuota izan du ETB1ek, iaz hilabete berean baino hiru hamarren gehiago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna