ANGEL OIARBIDE

"Urruntzen gintuen gai bat topagune bihurtzen ari gara"

Gure Esku Dago (GED) "inoiz baino indartsuago" ikusten du Angel Oiarbidek. 2017a amaitzerako galdeketa milioi bat herritarrengana iritsiko dela dio, eta duela lau urte hori pentsaezina zela. (Gipuzkoako Hitza-ko elkarrizketa)

jarraia134438.jpg
Eider Goenaga Lizaso.
2017ko maiatzaren 5a
10:37
Entzun

Gure Esku Dago-ko bozeramaile Angel Oiarbidek (Beasain, 1974) “intentsitate handiz” biziko du igandeko galdeketa eguna, orain arte egindakoak bizi izan dituen eta aurreikusita daudenak biziko dituen bezala. Oiarbideren esanetan, “orain arteko olatu handiena” izango da, 300.000 herritarrei egingo zaielako galdera. Besteak beste, Debabarrenean eta Urola Kostan (Gipuzkoa), Uribe Kostan, Lea Artibain, Durangaldean eta Uribe Butroen (Bizkaia) eta Legution (Araba) egingo dira galdeketak.

Orain arte, 300.000 bat herritarrei egin zaie galdera —ia 250.000 gipuzkoarrak dira; %27ko parte hartzea izan da Gipuzkoan—. Balorazio bat egin dezakezu?

Guretzat, orain arteko datuak oso onak dira. Hori hobekien balora dezaketenak instituzio eta alderdi politikoak dira, beraiek badakitelako hauteskundeak antolatzea zenbat kostatzen den: zenbat giza baliabide, zenbat baliabide material eta zenbat milioi euro. Eta, halere, Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan %58ko parte hartzea izan zen. Beraz, zorionekoak gu, gure datuak hauteskunde instituzionalekin konparatzen badituzte; baina gu ez gaude maila berean, ez ditugu inondik inora haiek dituzten baliabideak, eta galdeketen biharamunean fisikoki ez da ezer aldatzen. Halere, hirutik edo lautik batek parte hartzen du. Dudarik gabe, arrakastatsua da.

Beraz, zuentzat, parte hartzea ere ez da garrantzitsuena?

Gure helburu nagusia da eztabaida bat sortzea, eta eztabaida ez da gelditzen parte hartzen duten %25-30 horretan. Niretzat, ikaragarria da orain egiten ari dena: demokrazian sakonduz, garai batean arazo politiko bat zena erronka politiko bilakatzeko trantsizioa egiten ari gara; lehen irrazionala eta erraietakoa zena arrazionalizatzen ari gara, urruntzen gintuen gai bat topagune bihurtzen, lehen zatitzailea zena zubigintzarako erabiltzen.

Urtea amaitzerako, milioi bat herritarrengana helduko da galdeketa. Hasi zinetenean, espero zenuten halakorik?

Zenbat aldiz esan ote digute ezinezkoa zela. Zenbatetan esan zaigu, eta askok sinetsi ere egin dute, herritarrei galdetzeak, erreferendum bat egiteak, gizartea zatituko lukeela? Gezurra da, eta ikusi dugu. Gainera, ezin da beste era batera izan. Demokrazian gehiago sakontzen duen herri bat ez da zatitzen, kohesionatu egiten da, osasuntsuago eta helduagoa da. Eta gai hau, hain korapilatsua zela esaten zigutena, behetik gora eginda, topagune eta zubigintzarako tresna bihurtzen ari da.

2013an esan genuen Gure Esku Dago ez zela lelo bat, jarrera bat dela, ikusle izateari utzi eta protagonista bihurtzeko jauzia egitera behartzen duen jarrera bat. Eta, zorionez, gizarte honetan gero eta jende gehiago ari da jarrera hori barneratzen. Lau urtean, eta behetik gora eginda, ustez gizarte hau gatazka batean murgiltzen zuen gaia, bideraezina zen gai bat, normalizatzen ari gara. Horrek duen balioa ezin da estatistika batekin neurtu, ezin da soilik parte hartze datuei erreparatuta neurtu.

Gipuzkoako zati handi batean galdeketa egin da, baina besteak beste hiriburua falta da. Egingo da galdeketa hiriburuetan?

Gure helburua da galdeketekin eztabaida bat piztea, eta eztabaida hori herritarrek nahi izatea, eta beraiek sostengatzea. Baina, gure helburua bada Euskal Herri mailako eztabaida bat sortzea, euskal herritar gehien bizi diren eremuetara iritsi behar dugu. Beraz, dudarik ez, hiriburuetara ere iritsi beharko luke. Egia da, baina, oraintxe erronka oso zail gisa ikusten dela; batzuek “ezinezkoa” dela esaten dute. Baina zerbait baldin badakigu da ezinezkoa ezinezko dela errealitate bihurtzen den arte. Galdeketak egin behar dituzten herrietan galdeketa egingo zela pentsatzea ezinezkoa zen iaz, ez zegoen baldintzarik; baldintzak sortu egin behar dira, eta iaz ikusi gabeko eremuetara iritsi gara.

Halako prozesuetan, herritarrak ahaldundu egiten dira, konplizitateak sortzen dira, eztabaidaren inguruko interes bat pizten da, gizarte osasuntsuago bat eraikitzen da… Jendeak ez du olatu horretatik kanpo geratu nahi, hiriburuetan ere ez, eta lanean ari dira.

Baten batek leporatu diezazueke leku errazenetan ari zaretela galdeketak egiten…

Herri eta eskualde horietako borondatearen eta adostasunen arabera jarri dira martxan prozesuak. GEDen ez dago organo goren bat galdeketa non egiten den erabakitzen duena; erabakia herri eta eskualde bakoitzak hartzen du. GEDek tresnak jartzen ditu, protokolo juridiko bat eta esperientzia bat jartzen ditu, eta herritarrek egiten dute prozesua, herritik sortzen da prozesu hori gauzatuko duen taldea. Konturatu gara jende bati arraroa egiten zaiola kultura politiko berri hori, eta egozten digute toki batean bai eta bestean ez egitea. Baina hori ez da horrela, hau behetik gora datorren mugimendu bat delako, eta ezinbestekoa da herri horren borondatea. Eta nahi hori gero eta toki gehiagotan ari da gauzatzen.

Datuetan ezezko botoa mobilizatzeko zailtasuna ikusten da.

Sortu ginenean, esan genuen gure helburua ez zela abertzaleen arteko indarrak metatzea, gure aldarrikapena zabalagoa dela, demokrazian sakontzea dela helburua, eta demokrata guztiak metatzea nahi dugula. Baina inozoak ere ez gara. Demokrazian gehiago sakondu duten gizarteetan ez bezala, hemen erabakitzeko eskubidea oraindik ez da topagune bat. Eta egia da baiezkoak parte hartzen duela gehienbat, nahiz eta baiezko guztiek ere ez duten parte hartzen, baina hau prozesuaren hasieran besterik ez da. Gauden puntuan, logikoa da baiezkoak bakarrik parte hartzea, horiek baitira galdetuak izan nahi dutenak eta beraien estatus politikoan aldaketa bat nahi dutenak; besteek ez dute, printzipioz, beharrik ikusten. Baina horrek ez du esan nahi herritarrek interesa ez dutenik; interesa badago, eta hori ikusiko litzateke loteslea den galdeketa batean. Ez litzateke %25-30eko parte hartzea izango; izango litzateke parte hartze historiko bat, sekula gertatu gabea.

Katalunian antzeko baldintzatan egin ziren galdeketetan baino parte hartze handiagoa ari da izaten hemen.

Katalunian, 2009an hasi eta urte eta erdian Bartzelonara iritsi arte, batez besteko parte hartzea %18,8 izan zen. Porrota izan al zen? Agerikoa da ezetz. Katalunian eragile guztiek esaten dute egungo prozesua ezingo zela izan, aurrez behetik gorako herri galdeketa haiek egin ez balira. Beraz, ikusten da eragin zuzena duela.

Uste duzu 2014an Durango eta Iruñe arteko giza katea egin zeneko ilusioari eusten zaiola?

Nik uste dut giza katea izan zela hauspo bat. Beharra zegoen eta izugarria izan zen. Hauspoa ireki zen, eta gero hauspo hori ixten joan da, fintzen joan da, eta hark zituen osagai emozional horiek findu eta lanera bideratu dira, prozesu zehatzetara. Nire ustez, GED inoiz baino indartsuago dago, baina baliteke, eta sentsazio hori iristen zaigu, berriro ere hauspoa ireki behar izatea, ilusio hori, sentimendu hori iritsi ez zen eremuetara irits dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.