Hego Korea

Liberalek bertze aro politiko bat hasi nahi dute Hego Korean

Inkestek iragarritakoa bete, eta Moon Jae-in botoen %41ekin hautatu dute presidente. Hong kontserbadoreak %24 lortu du.

Moon Jae-in garaipena ospatzen. /
Moon Jae-in garaipena ospatzen. / Jeon Heon-Kyun/EFE

Mikel Rodriguez -

2017ko maiatzak 10

Zundaketen arabera, botoen %41,4 irabazi ditu Moon Jae-in liberalak Hego Koreako presidentetzarako hauteskundeetan. Ordu batzuk barru iragartzekoak dira emaitza ofizialak, baina Hong Joon-pyo kontserbadoreak eta Ahn Cheol-soo zentro-ezkerrekoak ontzat jo dute zundaketek adierazitakoa. 42,2 milioi herritarrek zuten botorako eskubidea. 

Moonek berak ere irabazletzat ikusi du bere burua. "Gobernu aldaketa baten esperoan zeuden herritarren garaipena izanen da. genuen guztia eman dugu herritarren nahia bete zedin laguntzeko, eta uste dut gaurko garaipena ahalbidetu duela horrek", adierazi du Seulen jarraitzaileen aitzinean. 

Park Geun-hye aitzineko presidentearen ustelkeria auzien ondorioz aitzinatu dituzte Hego Koreako presidentetzarako hauteskundeak. Parkek 2012ko bozak irabazi zituen, hain zuzen, Moonen aurka. Iaz, protesta mugimendu azkar bat sortu zen Parken aurka, eroskeria sare bat sortzea leporatzen zion informazioa argitaratu ondoren. Parlamentuak abenduan auzi politiko bat hasi zuen presidente kontserbadorearen aurka, eta martxoan Auzitegi konstituzionalak kargutik kendu zuen. Espetxean dago ordutik, epaiketaren zain.

Kontserbadoreek azken hamar urteotan agindu dute Hego Korean, eta Moonek kanpainan aldaketa sakonak eginen dituela hitz eman du. Ustelkeria eragozteko eta egoera ekonomikoa hobetzeko neurriez gain, Ipar Korearekiko jarrera aldatzearen alde agertu da, elkarrizketa hobesteko.  

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna