Txirrindularitza

Ametsetako garaipena

Gorka Izagirrek irabazi du Giroko zortzigarren etapa, eguneko ihesaldian sartu, onenekin aurrera egin eta azken aldapan nagusituta.

Gorka Izagirre txirrindularia, etapa irabazi berritan. /
Gorka Izagirre txirrindularia, etapa irabazi berritan. / Alessandr Di Meo/EFE

Julen Etxeberria -

2017ko maiatzak 14

Handia egin du Gorka Izagirrek Italiako Giroan. Movistar taldeko txirrindulari ormaiztegiarrak zortzigarren etapa irabazi du, ihes eginda. 29 urteko ziklistak dena egin du ondo. Lehenik, eguneko ihesaldian sartu da; gero, beste lau txirrindularirekin egin du aurrera, Luis Leon Sanchez (Astana), Giovanni Visconti (Bahrain), Valerio Conti (UAE) eta Gregor Muehlbergerrekin (Bora); eta azkenik, errematea eman dio Peschicin erasoa jo eta bakar-bakarrik helmugaratuta. Gaurkoa da bere kirol ibilbideko garaipenik handiena. "Oso pozik nago. Oso etapa gogorra izan da, baina ondo ikusi dut neure burua une oro, eta azkenean, lana errematatzea lortu dut", aitortu du etapa amaitu berritan.

Faboritoen artean Mikel Landa (Sky) izan da mugitu den bakarra. Murgiarrak erasoa jo du etapako azken kilometroetan, baina tropelak ez dio joaten utzi. Azkenean, elkarrekin iritsi dira Giroa irabazteko hautagai guztiak. Beraz, Bob Jungels luxenburgoarrak (Quick Step) jarraituko du maglia arrosa soinean eramaten. Zaila dirudi, ordea, gaur lehen postuari eustea. Izan ere, orain arteko etaparik gogorrena baitute zain bihar. Montenero di Bisaccian hasi eta Blockhaus mendian amaituko da Italiako Giroko bederatzigarren etapa. Saio laburra da, 149 kilometrokoa, baina oso gogorra, batez ere azken zatian, azken 26 kilometroetatik ia guztiak maldan gora baitira. 

Azkeneko 13,6 kilometroetan Blockhaus Lehen Mailako mendatea igoko dute. Lehen hiru kilometroek %6 inguruko batez besteko aldapa dute. Behin hankak berotuta ekingo diote zatirik gogorrenari: hamar kilometro egingo dituzte %9ko batez besteko aldapekin —%14ko maldak daude tartean—. Jarraian, kilometro erdian behera egingo dute, arnas pixka bat hartu eta 200 metroko azken aldapari ekiteko, %8koa. Igoera guztia, gainera, errepide estu batetik egingo dute, etapari gogortasun gehiago emateko. 2009an amaitu zen azkenekoz Italiako Giroko etapa bat bertan, eta Franco Pellizotti italiarrak irabazi zuen. Gero positibo eman zuen, eta haren herrikide Stefano Garzelliri eman zioten garaipena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna