Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Lassallek dio ikastola batzuetan “armen erabilera” ikastea zutela lehentasun

Publizitatea

Politika

HEZKUNTZA

Lassallek dio ikastola batzuetan “armen erabilera” ikastea zutela lehentasun

Haren ustetan, ikastola batzuek lehentasuna ez dute hizkuntzaren irakaspenean izan, baizik eta "armen erabileraren" irakastean.
Jean Lassalle.
Jean Lassalle. LIONEL BONAVENTURE / POOL / EFE

2017-05-18 / Eneko Etxegarai

Adierazpen hauek egin zituen duela hilabete zonbait hauteskunde legegileetara laugarren hautesbarrutian aurkeztuko den hautagaiak. Bideoa: Radio VL.

Les enfants de la politique emankizunean egin zituen adierazpen horiek Jean Lassallek, Frantziako presidentetzarako hauteskundeetako hautagaia zela, apirilaren 20an. Datozen hauteskunde legegileetan ere aurkeztuko da laugarren hautesbarrutian. Bideoan entzun daitekeenaz, "Ipar Euskal Herria ongi ezagutzen" du Lassallek, hango diputatua baita, eta "sufritu duen" errealitate bat izan da deskribatzen duena.

Bideoan 23. minututik hasten dira hizkuntzen inguruko adierazpenak. Haren hitzetan, errealite bat izan da ikastola zonbaitzutan "armen erabilpena zela lehentasuna, hizkuntzaren irakaspena baino", eta, beraz, errepublikako eskolatik egin behar dela euskararen, korsikeraren eta beste hizkuntzen irakaspena.

Segidakoa da elkarrizketa, zehatz-mehatz:

- Kazetaria: Zure progaman deigarria egin zait, lehen mailatik tokiko hizkuntza ikasteko beharra azpimarratzen duzula. Alta Frantzian behin baino gehiagotan erran izan da, ikasleek gero eta zailtasun gehiago dituztela atzerriko hizkuntzak eta baita frantsesa ere ongi menperatzeko. Zer ekarpen egin dezakete tokiko hizkuntzek irakaskuntza horretan?

- Lassalle: Gauza anitz ekar dezakete, hizkuntza direlako. Eta hizkuntza baten eskuratzea ez da sekula [...], alderantziz, irabazi bat da. Eta berriz gaztetasunera itzuliko banintz hori eginen nuke: hizkuntza anitz ikasiko nituzke; lorpen bat da beti. Eta hizkuntza batek lotura bat sortzen du -agian atzerakoia iduri lezake gaur egun hori errateak- historia eta kultura batekin.

- Aurkezlea: Izan daiteke bretoiera, korsikera, hizkuntza horiek guziak?

- Lassalle : Bai, euskara, korsikera.

- Aurkezlea : Korsikera! (barrez)

- Lassalle : Baina Errepublikaren eskolaren bidez ikasi behar da, hizkuntzaren irakaspena beti lehen helburua ez den zeharkako bideetatik ikasi ordez. Leku onean naiz hori errateko, Ipar Euskal Herriko diputatua naizelako, eta anitz sufritu dut, hizkuntza irakastea lehen helburutzat ez zuten eskolekin; beste helburu bat zuten, batzuetan armen erabilera [irakastea] ere. Ulertzen duzue? Bai, bai, egia da. Ez da egunero erraza. Hezkunde Nazionalak egin dezala.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak