Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Assange: "Garaipen garrantzitsua da, baina gerra hasi besterik ez da egin"

Publizitatea

Mundua

'WIKILEAKS AUZIA'

Assange: "Garaipen garrantzitsua da, baina gerra hasi besterik ez da egin"

Suediako Fiskaltzak itxi egin du sexu abusuak egitea egotzita haren kontra irekita zuen auzia.
Julian Assange, Ekuadorren enbaxadan, Londresen.
Julian Assange, Ekuadorren enbaxadan, Londresen. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE

2017-05-19 / Berria

2010ean ekin zioten Wikileaksen sortzaile Julian Assange (Townsville, Australia, 1971) ikertzeari, eta, Marianne Ny Suediako fiskalburuak iragarri duenez, ikerketa hori bertan behera uztea erabaki dute.

AEBetako armadaren milaka agiri argitaratu zituen Wikileaks atariak, 2010ean. Assangeren kontrako auzibideari ekin zion Suediak orduan, bortxaketa bat egitea leporatuta. Ameriketako Estatu Batuetara estraditatzeko aukera ikusirik, bere burua gordetzea erabaki zuen Assangek. Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan bizi da 2012az geroztik, eta ez da handik irten sekula.

Gaur balkoira atera da, eta esan du "garaipen handia" izan dela bere kontrako auzia artxibatzea. Hala ere, gertatutako ez duela ahazten eta ezta barkatzen ere azpimarratu du. "Garaipen garrantzitsua da, baina gerra hasi besterik ez da egin". Erresuma Batuak bera atxilotzeko asmoari eutsi diolako esan du hori, eta honakoa gaineratu du: "AEBek eta CIAk argi utzi dute nik eta WikiLeakseko kideek ez dugula eskubiderik, eta gure atxiloketa lehentasuna dela".

Iazko otsailean, NBEko Atxiloketa Arbitrarioen Lantaldeak ebatzi zuen Assange legez kanpoko atxiloaldian dagoela. Suediako fiskalburuaren erabakiaren berri izan ondoren, hala ere, Scotland Yard poliziak jakinarazi du Assange atxilotu egingo duela Ekuadorrek Londresen duen enbaxadatik ateratzen bada. Zehaztu du bortxaketa delitua leporatzen ez badiote ere beste delitu batzuengatik dutela atxilotzeko agindua. 2012ko apirilaren 29an auzitegira ez joateagatik ezarri zion Scotland Yardek atxilotzeko agindua, oharrean zehaztu dutenez: "Poliziaren lehentasuna da Londresko herritarrak arriskuan jarriko lituzkeen edonor atxilotzea".

Ekuadorrek Assange babesten jarraituko duela jakinarazi du, eta hark Ekuadorrera joan ahal izateko bideren bat jartzeko eskatu dio Erresuma Batuari, han onartuta daukalako asilo eskubidea.

Duela egun batzuk eskatu zuen Assangeren abokatuak Suediak atxilo agindua bertan behera utzi zezala, argudiatuz AEBek azaldu dutela Assange inputatzeko asmoa. Suediak atxilotzeko agindua bertan behera utzita, aukera izango luke Ekuadorrera joateko, eta han asiloa hartzeko. Baina oraindik argitzeke dago zein den zehazki egoera.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak