Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Aralarko pistei buruz parte-hartze prozesua abiatzeko eskatu dute Gipuzkoako mendi elkarteek

Publizitatea

Gizartea

Ingurumena

Aralarko pistei buruz parte-hartze prozesua abiatzeko eskatu dute Gipuzkoako mendi elkarteek

Azterketa zientifikoa eta sozioekonomikoa egiteko ere eskatu dute. Baita informazio gardentasuna eta partaidetza prozesu irekia ere. Horiek guztiak bururaino eraman arte lanak gelditu egin behar liratekeela uste dute, gainera.
Aralarko pista berriak. Munozabal. /
Aralarko pista berriak. Munozabal. / Andoni Canellada, Argazki Press

2017-05-19 / Berria

Aralarren pistak egiteak mendilerroan izango duen eraginak atzera-bueltarik ez duenez, ondo aztertu beharreko gaia da, Gipuzkoako mendi elkarteen iritzian. Haien esanetan, pista horiek berekin ekarriko lukete Aralar "abeltzaintza ustiapena nagusi duen lurralde" bilakatzea, baina neurriz kanpoko abeltzaintzak kalteak dakartzala ohartarazi dute. Gaur egun ere oreka neurrietatik gora dabil artzaintza jarduera, eta horrek akuiferoetako "uraren kalitatea murriztea" eta "higadura fenomenoak sortzea" dakar, eta, ondorioz, "lurrak ez hain onak izatea".

Lurren kalitatea berreskura daiteke, baina, pistak egingo balira, atzera eraginik gabekoa litzateke haien eragina. Horregatik, lanekin aurrera jarraitu aurretik badira egin beharreko lan batzuk mendi elkarteen irudiko. Sektore guztien arteko parte-hartze prozesu bat ireki behar dela uste dute, eta erabakiak "modu demokratikoan" hartzeko informazio gardentasuna beharrezkoa dela aldarrikatu dute.

Zabaldu beharreko informazio horretan datu zientifikoak ere badaude, elkarteen irudiko: egin gabe dagoen azterketa zientifiko "sakona eta zehatza" egiteko eskatu dute, eta baita mendilerroan dauden jarduera ekonomikoetan izango lukeen ondorien azterketa sozioekonomikoa ere.

Gainera, lanak gelditzea galdegin dute, datu horiek eskuan direla prozesu parte hartzailearekin azken erabakia hartu arte.

Mendi elkarteek Gipuzkoako Mendizale Federazioari eskatu diote Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde guztiei eta diputazioari igortzeko eskaera horiek jasotzen dituen dokumentua. Era berean, Aralarko Parke Naturalaren defentsan parte aktiboa izango dutela ohartarazi dute.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak