Seaskaren eskaerak baztertu dituzte Bordeleko errektoretzak eta Akademia Ikuskaritzak

Larzabaleko kolegioan Inklusiorako Egitura Pedagogikoa irekitzea "debekatu", eta Bernat Etxepare lizeoan lanbide heziketarako sail bakarra onartu diete. Seaskak nabarmendu du eskatutakoa lortu arte ez dutela negoziazioa itxitzat joko.

Ipar Euskal Herriko hautetsi eta ordezkari politiko andanak erakutsi zioten babesa Seaskari, Herri Urraten antolatu ohi duten ekitaldi intituzionalean
Ipar Euskal Herriko hautetsi eta ordezkari politiko andanak erakutsi zioten babesa Seaskari, Herri Urraten antolatu ohi duten ekitaldi intituzionalean Isabelle Miquelstorena

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko maiatzak 23

Seaskaren asmoak mugatu dituzte beste behin Bordeleko errektoretzak eta Paueko akademia ikuskariak. Ikastolen federazioak ohar batean salatu duenez, heldu den ikasturtean Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan martxan jarri nahi zuten Inklusiorako Egitura Pedagogikoa irekitzea "debekatu" diete. Horiek horrela, behar bereziak dituzten haurrak inklusiorako egiturarik gabe geldituko dira Seaskaren arabera, Ipar Euskal Herri barnealdean, ez dagoelako halako egiturarik kolegioetan haur elbarriak hartzeko —izan kolegio publiko edo pribatuetan—. "Pierre Barriere Akademia inspektorearen arabera, behar bereziak dituzten 11 eta 12 urteko hiru haurrek goiz guziz kostaldera joan behar lukete, eta arrats guziz barnealdera itzuli. Zergatik jadanik zailtasunetan diren haurrei ikasteko zailtasun gehiago ezarri?", galdetu du oharrean. Elkartearen hitzetan, "euskaraz ikasten segitu nahi duten haur horiek" frantses eskoletara joan daitezen "derrigortzen" dituzte.

Halaber, Baionan eraikitzen ari diren lizeo berriak ere sortu ditu arazoak. Lanbide Heziketarako bi sail ireki nahi zituen Seaskak heldu den ikasturterako —sozial arloa eta komertzioa—, baina bakarra baimendu diete. Alta, lizeo berria Akitania Berriko kontseiluaren babesarekin eraiki dute, errektoretzarekin, bi sailak irekitzeko "aurre-akordio" bat lortuta, Seaskak nabarmendu duenez. "Eta orain, euskaraz komertzioa ikasi nahi duten ikasleen parean ez dugu irakaslerik izanen, lehen urtetik ez direlako hamar ikasle izanen? Zergatik haur euskaldunek ezin dute euskaraz ikasi?", idatzi dute oharrean.

Maiatzaren 14an, Senperen egin zen Herri Urrats bestan, "mundu batek" beraiekin bat egin zuela ohartarazi du Seaskak, eta, beraz, eskatutakoa lortu arte ez dituztela negoziazioak itxitzat joko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna