Erresuma Batua

Hamar pertsona hil dituzte Londresen egindako erasoan, tartean erasotzaileak

Hiru gizonezkok hainbat lagun harrapatu dituzte Londresko zubian furgoneta batekin, eta beste hainbat labankatu Borough Market inguruan. Hamabi pertsona atxilotu dituzte, erasoekin zerikusia dutelakoan. "Ziber-espazioa kontrolatzeko neurriak" iragarri ditu lehen ministroak, "muturrekoen eremu seguruak" direlakoan.

Polizia erasoak izan diren tokia zaintzen, larunbat gauean. /
Polizia erasoak izan diren tokia zaintzen, larunbat gauean. / Will Oliver/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2017ko ekainak 4

Orotara 48 dira zaurituak eta hamar hildakoak, tartean hiru erasotzaileak. Euskal Herian gaueko 11:00k inguru zirenean gertatu da Gobernuak eraso terroristatzat jo duena. Furgoneta batek Londresko zubian zebiltzan oinezkoen aurka jo du hainbat lagun harrapatuz.

Ondoren, handik gertu dagoen Borough Marketera joan dira eta ibilgailu barruan zihoazen hiru gizonezkok beste hainbat lagun labankatu dituzte. Berehala heldu dira segurtasun indarrak erasoaren tokira, eta tiroz hil dituzte hiru erasotzaileak.

Hasiera batean erasotzaileek soinean lehergailuak zeramatzatela uste izan du Poliziak, baina gerora gezurtatu egin dute halakorik. Londresko poliziaburu Mark Rowleyk adierazi duenez, "eraso terrorista" balitz bezala ari dira gertatutakoa ikertzen. Rowleyk jakinarazi du, bestalde, hamabi pertsona atxilotu dituztela erasoekin lotura dutelakoan.

Duela bi aste soilik beste 22 lagun hil zituen ekintzaile suizida batek Manchesterren. Orduan Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen atentatua, hura gertatu eta ordu gutxira. Horiek hala, eta hauteskundeen atarian zeudela kontuan hartuta, segurtasuna "maila gorenera" igo zuen Theresa May lehen ministroaren gobernuak. Ordea, egun gutxira maila bat jaitsi zuten segurtasuna. 

Neurri zorrotzak

Larunbat gauekoaren ondoren, berriz ere maila gorenera igo dute segurtasuna Gobernuaren aginduz. Baina, horretaz gain neurri gehiago ere iragarri ditu Mayk, besteak beste, "ziber-espazioa kontrolatzeko", argudiatuz Internet baliatzen dutela "muturrekoek" euren ideiak zabaltzeko. Horretaz gain, kartzela zigorrak gogortzeko asmoa ere iragarri du gobernuburuak.

"Nahikoa, nahikoa da. Ezin diogu ideologia horri hazteko behar dituen eremu seguruak eraikitzea baimendu. Hain zuzen ere horixe da Interneteko enpresa handiek eskaintzen dute zerbitzua", ohartarazi du lehen ministroak. Bide batez, komunitateen arteko harremanak estutzeko beharra ere nabarmendu du Mayk, horrek "batzuetan ezerosoak diren elkarrizketak" bultzatzera behartu arren. 

Bozetako kanpaina bertan behera

Datorren ostegunean egingo dituzte Erresuma Batuan Legebiltzarrerako bozak. Hori dela eta, eta azken orduetako erasoaren ondoren, larrialdiko bilera deitu du Mayren exekutiboak. Londresko alkate Sadiq Khanek bere aldetik lasaitasuna eskatu du, eta "zerbait susmagarririk" ikusiz gero Poliziari jotzea galdegin die herritarrei.

Bestalde hauteskundeetarako kanpaina bertan behera utziko dutela iragarri dute alderdiek. Osteguneak dituzte egitekoak Legebiltzarrerako bozak eta egungo lehen ministroaren alderdia da irabazteko faboritoa. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna