Portugal

Gutxienez 62 lagun hil eta 59 zauritu dira Portugalen, sute batean

Portugal erdialdean dagoen Pedrogão Grande herriko basoan piztu zen sua, atzo. Ez dakite zerk eragin duen, baina oraindik ez dute mendean hartu. Alboko herrietara ez zabaltzeko ahaleginean ari dira suhiltzaileak. Hildakoen kopurua gora doa etengabe.

Sutea Portugalen. /
Sutea Portugalen. / PAULO CUNHA/Efe

Berria -

2017ko ekainak 18

Antonio Costa Portugalgo Lehen ministroak jakitera eman duenez, jende gehienari autoan zegoela etorri zaio sua gainera. Garrei ihesi abiatu dira ibilgailuetan sartuta, baina sua beraiek baino azkarrago hedatu da. 30 bat dira autoetan topatutakoak. Etxebizitzak ere kiskali dira, eta haietan zegoen jendea ere hil dela diote. Suhiltzaileak ere badaude hildakoen artean.

Ez dakite garrak zerk piztu dituen, baina, Polizia Judizialak ez du uste nahita eragindako sua denik. Tximista batek sortuko zuela uste dute. Ikaragarrizko abiadan zabaldu zen, eta menderatu ezinda dabiltza, haizea indartsu baitabil.

Berriro halakorik ez gertatzeko neurriak hartu behar direla azpimarratu dute. "Azken garaietako gisa honetako tragediarik handiena da hau", esan du Costak.

Sua itzali eta biktimei laguntzea da lehentasuna orain, Rebelo de Sousa presidentearen esanetan. Izan ere, lan nekeza dute garrak mendean hartzen, beroa eta haizea ez baitira lagun onak.

Hiru eguneko dolua ezarri du Portugalgo Gobernuak biktimekiko elkartasunez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna