AZPIEGITURAK

Epaileak atzera bota du Aroztegiko planaren aurka Sustrai Erakuntzak jarritako helegitea

Ugep udalerriz gaindiko eragina duen plana justifikatuta dagoela esan du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak.

Aroztegiako proiektuaren aurka duela astebete Elizondon egin zuten protesta. /
Aroztegiako proiektuaren aurka duela astebete Elizondon egin zuten protesta. / IƱigo Uriz/Argazki Press

Ion Orzaiz

2017ko ekainak 19

Administrazioarekiko Auzietako Aretoak bertan behera utzi du Sustrai Erakuntza fundazioak jarritako salaketa. Aroztegian 228 etxebizitza, lau izarreko hotel bat eta golf zelai bat eraikitzeko proiektu urbanistikoari UGEP izaera eman izana auzitan jarri zuten Sustrai Erakuntzako kideek, baina epailearen ustez, "erabat justifikatua" dago udalerriz gaindiko izaera. Are: enpresaren ikuspuntuarekin bat eginez, proiektuak Baztanen izanen duen eragina "estrategikoa eta sozioekonomikoa" dela, eta Nafarroa osoan "turismoa sustatzen" lagunduko duela dio magistratuak. Sententziaren aurka, kasazio helegitea aurkez dezakete aldeek.

Proiektu horren sustatzaileek luxuzko 228 etxebizitza, bederatzi zuloko golf zelai bat, lau izarreko hotel bat eta spa gune bat egin nahi dituzte Baztanen, Lekarozko Aroztegia jauregiaren 45 hektareako eremuan. Epaileek atzera bota zuten, ordea: 2013. urtean, lehendabizikoz, eta 2015ean, bigarrenez. Bigarren sententzia hori Espainiako Auzitegi Gorenak eman zuen. Jakin baino lehen, proiektuan hainbat aldaketa egin, eta berriz aurkeztu zuten bultzatzaileek Nafarroako Gobernuan. UPN zen agintean, oraindik ere. "Foru intereseko inbertsiotzat" jo, eta udalez gaindiko sektore plan gisa onartu zuen gobernuak, 2015eko hauteskundeak egin baino zenbait egun lehenago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna