LGTBI KOMUNITATEAREN NAZIOARTEKO EGUNA

LGTBIfobia arbuiatu, eta genero nortasunen askatasuna aldarrikatu dute

Milaka lagunek egin dute bat gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualen komunitatearen egunez Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean eginiko mobilizazioekin.

Jendetza elkartu da Iruñeko manifestazioan.
Jendetza elkartu da Iruñeko manifestazioan. Iñigo Uriz / Argazki Press

Gorka Berasategi Otamendi -

2017ko ekainak 28

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izan dira manifestazioak, sexu adierazpen eta genero identitate askatasunaren aldeko eragileek deituta. LGTBI kolektiboak jasaten dituen erasoak salatzeko ekitaldiak izan dira, baina baita sexu aniztasunaren aldeko borrokan egin diren urratsak ospatzeko mobilizazioak ere.

Iruñean, Gasteizen Bilbon eta Donostian manifestazioak egin dituzte, eta larunbaterako egin dute mobilizaziorako deia Baionan. Iruñean, 19:00etan abiatu da manifestazioa, autobus geltoki zaharretik. Memoria historikoari begirako ekitaldia egin dute 18:30ean, geltokian bertan, frankismo garaian harreman homosexualentzako babesleku izan zela nabarmentzeko. Geltokiaren memoria "duintzeko" plaka bat jarri du E28 plataformak.

Gasteizen, kalejira egin dute 19:00etan, eta ordubete beranduago irten da manifestazioa Andre Maria Zuriaren plazatik, Heteropatriarkatua desobeditu. Plazerez blaitu lelopean. "Harrotasunez beteriko gorputz, bizitza eta larrua jotzeko modu intsumisoak" aldarrikatu dituzte Donostian. Aniztasun sexuala edonon! izango da leloa.

Bilbon, Moyua Plazatik hasita, manifestazioak hiriko erdigunea zeharkatu du. Ez da adierazpen askatasuna. Gorrotoa baino ez da mezua aukeratu dute.

"Sistema heteropatriarkal baten aurka borrokatzen ari gara, botere ardatzen bitartez indarkeria sortzen duela ahaztu gabe", adierazi du Bizkaiko E28 koordinakundeak. Sistema horretatik kanpoko sexu adierazpenen eta genero identitateen kontrako jarrerek elkarbizitza eragozten dutela salatu dute, aurten ere askotariko "indarkeria eta gorroto erasoak" izan baitira jarrera horien ondorioz. Aniztasunaren aurkako diskurtsoak "gorroto delituen hitzaurre eta oinarri ideologiko" dira, koordinakundearen esanetan.

Bestalde, EHGAMek Chrysallis elkarteari eman dio Urrezko Hirukia, adingabe transexualen aldeko kanpaina "ausarta" egiteagatik. Trapuzko Espartina, berriz, Hazte Oir elkarteari eman diote, "ume transexualekiko gorroto diskurtsoa zabaltzeagatik".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: