Jugoslavia ohia

Jugoslaviako presidente ohi Slobodan Milosevic Hagako espetxean hil da

Slobodan Milosevic Jugoslavia ohiko presidentea Hagako (Herbehereak) Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiko espetxean hil dela zabaldu du Belgradoko B92 irrati emandegiak eguerdi aldera. Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak baieztatu egin du albistea eta ikerketa abian jarri du heriotzaren arrazoiak argitzeko. Borislav Milosevic, presidente ohiaren anaiak Jugoslavia Ohirako Auzitegia egin du heriotzaren erantzule.
Slobodan Milosevic
Slobodan Milosevic SRDJAN SUKI EFE

Berria -

2006ko martxoak 11
Antza denez, Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegik plazaratu duen oharraren arabera espetxeko zaindari batek aurkitu du hilik 65 urteko presidente ohia. Jugoslavia Ohirako Auzitegiaren Hagako Sheveningen espetxean zegoen preso Milosevic. Zaindariak bere ziegako ohean topatu du presidente ohia eta berehala eskatu dio laguntza sendagileari. Ben Bot Herbehereetako Atzerri ministroaren hitzetan "arrazoi naturalak" direla medio hil da Milosevic. Hala ere, Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak ikerketa egiteko agindua eman du eta dagoeneko autopsia egiteko eta azterketa toxikologikoa burutzeko agindua eman du. Aste honetan bertan, Kroaziako serbiarren buru ohi Milan Babicek bere buruaz beste egin du Hagako Sheveningen espetxeako bere zeldan. Gaur espetxe berean hilik agertu den Jugoslaviako presidente ohi Slobodan Milosevicen jarraitzaile izan zen Milan Babic, baina 2002ko azaroan eta abenduan haren aurkako deklarazio gogorrak egin zituen Hagako auzitegian. «Milosevic jauna, gerra itzelak piztu dituzu eta Serbiako herriari lotsa eragin diozularik, atsekabea ekarri diezu, aldiz, kroaziar eta musulman herritarrei», adierazi zuen. Slobodan Milosevicen aurkako lekukotasun honek ez zion saihestu, ordea, gerra krimenengatik zigortua izatea urte bat geroago. Jugoslaviako presidente ohia Hagako Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegian epaitzen ari ziren 2000.urtetik genozidio eta gizateriaren aurkako krimenengatik. Milosevicek osasun arazoak argudiatu ditu azken hilabeteetan bere aurkako prozesua eteteko. Otsailean Moskura joateko eskaria egin zuen bertan artatua izan zedin, epaitegiak atzera bota zuen eskaria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna