SEXU ERASOAK

Bi sexu eraso salatu dituzte sanferminen lehen egunean

Bi salaketak ukituengatik izan dira, eta erasotzaileetako bat atxilotu egin dute. Horietako bati epaiketa azkarra egin diote, eta errudun jo du epaileak.

Izko sanferminetan sexu erasoen aurka egidako protesta. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
2017ko uztailaren 7a
09:09
Entzun

Salaketak egin eta gero, emakumeen eskura jarri dira udalaren orientazio baliabideak, atentzio judizial eta psikologikoa, eta halako kasuetarako udalak eskaintzen duen konpainia zerbitzua.

Poliziak gaur goizean egindako bilera batean eman dio erasoen eta atxiloketaren berri Babes Zibilerako Batzordeari. Batzorde hori da, hain zuzen ere, sexu erasoei buruz informazio ofiziala ematen duen bakarra. Gainera, batzordeko kideek emandako informazioak bakarrik aktiba dezake erasoen aurkako protokoloa.

Atxilotuetako bati epaiketa azkarra egin diote, eta errudun jo du epaileak.

Iruñeko Udalak protokolo berria du sexu erasoei dagokienez, eta protokolo hori martxan jartzearen helburua da biktimak babestea, bai atentzioaren eta laguntzaren ikuspegitik, bai informazioaren ikuspuntutik ere.

Udalak ohar baten bidez adierazi duenez, gauzarik garrantzitsuenak erasoa jasandako emakumearen babesa eta haren arreta dira, eta kontuan izaten dituzte datu horiek salaketei buruzko informazioa emateko orduan. Eragotzi nahi dute biktimak estigmatizatuta edo errudun sentitzea.

Iruñeak, bertako instituzioek eta bertako biztanleek sexu erasoen kontra duten konpromiso irmoa gogorarazi nahi du udalak, aurten martxan jarri duten kanpainaren bidez: Eraso sexistarik gabe, Iruña aske.

Horregatik, udalak bultzatu nahi du bai erasoak jasandako biktimak, bai herritarrak halako portaerak ikuspuntu sozial eta judizial batetik salatzea; izan ere, "haien kontrako jarrera izatea da sexu erasoak bukatzeko bidea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.