KONPONBIDEARI BEGIRA

Baraualdia abiatu dute lau gaztek, euskal presoen eskubideen alde

Hiriburun elkartu dira baraualdia egiteko, karpa azpian. Ekitaldi andana antolatu dute ondoko bi asteetarako, eta Ipar Euskal Herriko gazte kolektibo anitzen babesa lortu nahiko lukete.

Baraualdian parte hartuko dute lau gazteak
Baraualdian parte hartuko dute lau gazteak Isabelle Miquelestorena

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko uztailak 8

Gure herriaren egoeraz arduratzen garen gazteak gara, eta geroari itxaropenez so egin nahi diogu". Hitz horiekin azaldu dute bere desmartxa euskal presoen eskubideen alde bi asteko baraualdia hasi duten lau gazteek. Azken urteetan, euskal gatazkaren konponbide prozesua aitzinarazi duten gertakari garrantzitsuak izan direla azpimarratu dute, baina, Espainiako eta Frantziako estatuek ez dutela "inplikatzeko borondaterik". Apirilaren 8ko armagabetzearen ondotik bakegileek egindako irakurketarekin bat egin dute. "Hurrengo urratsa, euskal presoak askatzeko bidean, aplikatzen zaien salbuespen legedia bukatzea da".

Konponbide gosez lelopean abiatu dute ekimena, eta bi aste iraunen du. Tarte horretan, Ipar Euskal Herriko gazte eragile anitzekin mintzatu nahiko lukete: "Besta batzorde, gaztetxe, alderdi, erakunde eta norbanakoei euskal presoen eskubideen aldeko gazte adierazpenarekin bat egitea proposatuko diegu", azaldu du Ainhoa Sarasuak. Gazte kolektibo horiek euskal presoek pairatzen duten "salbuespen legedia" salatu eta abenduaren 9ko Parisko mobilizaziora deitzea nahiko lukete.

Halaber, gizarte osoa "interpelatu" nahiko lukete. Azken hilabeteetan bake prozesua babestu duten eragile anitzetako ordezkariek parte hartuko dute beraiekin batera 24 orduko baraualdiak eginez; beste batzuk, berriz, babesa erakustera agertuko dira. Egunero, elkarretaratzeak eginen dituzte 19:00etan, eta uztailaren 14an eta 21ean, Baionan, Donibane Garazin eta Maulen mobilizatuko dira. Bi astez, hitzaldiak, film proiekzioak eta eztabaidak antolatu dituzte.

Uztailaren 22an bukatuko dute baraualdia. Egun horretarako, gazteriaren agerraldi masibo bat iragarri dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna