Enpresak

CAF indartu egingo da Erresuma Batuan, BWB Consulting erosita

Ingeniaritza arloko aholkularitza enpresa handienetakoa da herrialdean.

CAFek egiten dituen trenetako bat. BERRIA
Jon Fernandez.
2017ko uztailaren 12a
09:40
Entzun

"Gure negozioa dibertsifikatzeko plan anbiziotsuak ditugu, giltza eskuan ingeniaritzako gure jarduerak zabaltzeko, eta BWBk estrategia horretan rol garrantzitsua izango duela uste dugu", azaldu du Josu Imaz CAF Taldeko Garapen Korporatibo eta Filialen zuzendariak. Beasaingo enpresa trengileak (Gipuzkoa) ez du zehaztu zenbat diruren truke erosi duen Britainiako ingeniaritza arloko aholkularitza enpresa.

Eragiketa berriarekin, CAFek nabarmendu du beste urrats bat egin duela dibertsifikazio eta hazkunde estrategian: "BWBrekin presentzia sendotu ahal izango du, eta, gainera, trenbide sistema integralen hornitzaile gisa duen kokapena indartu du". Azken urteetan landutako estrategiari esker, Gipuzkoako enpresak jarduera nagusiaren norabidea aldatu du: orain arte, material mugigarria hornitzea zuen jarduera nagusi; hemendik aurrera, garraio irtenbide integralak eskainiko ditu.

Iaz, inoizko eskaera poltsarik handiena lortu zuen CAFek (6.228 milioi euro), eta, 2017an, "bi digituko hazkundea" izaten ari dira salmentetan eta ustiaketaren emaitzan. Aurtengo lehen sei hilabeteetan, %8 igo ditu mozkinak, 9,2 milioi eurora arte; baina, Andres Arizkorreta presidenteak ekainean iragarritakoaren arabera, mozkinak %10etik gorakoak dira dagoeneko. Datu onak dira Gipuzkoako enpresa handienarentzat, 2016an mozkinek oraindik ere ez baitzioten utzi txikitzeko joerari eskari poltsa inoizko handiena izanda ere.

Erresuma Batuko presentzia

Emaitzak hobetzeko bidean, gaurkoan, hain zuzen ere, nazioarteko bokazioa eta dibertsifikazioa azpimarratu du konpainiak, eta gogoratu du Erresuma Batuan, gaur egun, 1.200 milioi euro baino gehiagoko eskari zorroa duela. 2015ean, CAFek 200 milioi euroko kontratua sinatu zuen Londres eta Glasgow-Edinburgo arteko zerbitzuak egingo dituzten Caledonian Sleeper autoak hornitzeko. 2016an, bestalde, hainbat adjudikazio garrantzitsu lortu zituen: besteak beste, Arriva Rail North Limited operadorearekin sinatutako kontratua, 43 tren elektriko eta 55 diesel treneko bi flota egiteko; baita First Group operadorearentzako proiektua ere, bidaiarien 66 auto eta bost autoko hamabi unitate elektriko hornitzeko eta mantentzeko. Bi proiektu horiek, guztira, 1.000 milioi euro inguruko bolumena zeukaten.

Azken erosketari esker, "CAFek zerbitzuen eskaintza zabaldu ahal izango du, azpiegituretako ingeniaritzako, ingurumeneko, eraikinetako eta proiektuen kudeaketarako eremuak indartuta", enpresa trengileak azpimarratu duenez.

BWB bereganatuta, CAF Rail UKren bidez Erresuma Batuan inbertsio handia egiteko konpromisoa hartu du euskal enpresak. "Merkatu berriak arakatu, eta aukera berriak bilatuko ditugu". BWBk Nottinghamen dauka egoitza administratiboa, eta hantxe ditu bulego nagusiak ere. Urtean, 25 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa dauka, eta 300 pertsonatik gorako lantaldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.