Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Elkartasun olatua Iruñean

Publizitatea

Politika

Altsasuko auzia

Elkartasun olatua Iruñean

Milaka herritar elkartu dira Gazteluko plazan Altsasuko zortzi gazte auzipetuei elkartasuna adierazi eta auziaren bidegabekeria salatzeko asmoz. Su horri pizturik eusteko deia egin dute senideek.
Iruñeko Gaztelu plaza, Altsasuko gazteei babesa emateko kontzentrazioan. /
Iruñeko Gaztelu plaza, Altsasuko gazteei babesa emateko kontzentrazioan. / Idoia Zabaleta, Argazki Press

2017-07-15 / Joxerra Senar

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak gazte auzipetuentzat 62 urte arteko zigorrak eskatu ondoren egin zuten gaur Iruñeko Gazteluko plazan biltzeko deialdia, eta jendetza bildu da gazteei babesa emateko. Jendearen artean daude, besteak beste, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Bakartxo Ruiz eta Maialen Iriarte EH Bilduko parlamentariak eta Patxi Zabaleta Aralarrekoa. Bilkuran izan dira gutxienez Iruñeko zortzi peña ere, euren pankartak eta guzti. Gaur amaituko dira sanferminak gauerdian, baina askok eten bat egin du Altsasuko gazteei babesa adierazteko.

Bilkuraren aurrealdean zortzi gazte auzipetuen aurpegiak marraztuak zituen pankarta bat izan da. "Altsasukoak askatu" oihua entzun da bilkurak iraun duen bitartean. Ordu erdiko bilkura izan da. "Gure lagunekiko elkartasunak ez du mugarik. Jakin dezatela ez direla bakarrik egongo", esan du Aritz Leozek bilkura amaitu aurretik. Eta, amaieran, "stop azpijokoak, utzi Altsasu bakean, Altsasukoak libre", esan du. Jendetzak txalo egin du orduan. Epaiketari begira "tsunami bat bihurtuko den elkartasun olatua" sortzera deitu dute gurasoek. Aitortu dute zer esan ez dakitela geratu direla tamaina horretako elkartasuna jasota, eta Bel Pozueta auzipetuetako baten amak, esaterako, duela urtebete eraso sexisten aurka izan zen erreakzioarekin alderatu du: "Duela urtebete emakumeen indarkeriaren aurka plaza bete zen, eta orain ere bidegabekeriaren aurka bete da", adierazi du.

Altsasuko sei gaztek 50 urteko zigor eskaerak dituzte, 62 urtekoa zazpigarrenak, eta hamabi urte eta erdikoa azkenak. Azaroaz geroztik, espetxean daude Altsasuko auzian inputatuetako hiru: Jokin Unamuno, Oihan Ardanaz eta Adur Ramirez. Beste lau, ordea, aske daude. Horiez gain, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo dira auzipetuak. Fiskalak zehaztu du haientzako zigor eskaera: seiri launa "lesio terrorista" delitu inputatzen dizkie, eta delitu bakoitzarengatik hamabi urte eta erdiko zigorra eskatu du auzipetu bakoitzarentzat, alegia, bakoitzari 50 urteko espetxe zigorra. Ardanazentzat, 62 urte eta erdiko zigorra eskatu du, eta, mehatxu terroristak egitea egotzita, beste 12 urte eta erdiko zigor eskaera bat gehitu. Ainara Urkijorentzat, hamabi urte eta erdiko zigorra eskatu du. Biktima bakoitzari guztien artean 41.100 euro ordainaraztea ere nahi du fiskaltzak.

Jose Perals fiskalak egin du txostena, eta eska zitzakeen zigorrik gogorrenak eskatu ditu. Hargatik, auzitegiari galdegin dio zigor horiek gehiegizkoak iruditzen bazaizkio jartzeko 18 eta 30 urte arteko zigorrak. Desordena publikoak egiteagatik zortzi urte, autoritateari atentatua egiteagatik bi, lesio ez terroristak egiteagatik lau delitu egotzita zortzi urte, eta, biren kasuan, mehatxu terroristak egiteagatik 12 urte eta erdi.

Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelaren esku dago auzia, Auzitegi Gorenak ebatzi eta gero litekeena dela terrorismo delituak gertatu izana 2016ko urriaren 15ean Altsasun izandako liskarretan. Urriaren 15eko goizaldean, liskarra izan zen Altsasuko taberna baten kanpoan. Bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egin zieten. Berehala, oihartzun mediatiko handia hartu zuen gertaera hark. Hasieran, Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiak hartu zuen kasua, baina, Covite biktimen elkarteak salaketa jarri ostean, Auzitegi Nazionala sartu zen tartean. Iruñeko epaitegia inhibitu, eta, geroztik, Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak hartu du auzia.

Haren tesia izan da istiluak Zigor Kodeko 573. artikuluan jasotako terrorismo delitu direla, eta, akusazio horren pean, zortzi gazte daude auzipetuta egun —beste bi adingabe ere badaude tartean—. Probintzia auzitegiaren arabera, ez dago delitu larririk, eta, ondorioz, Nafarroan ikertu eta epaitu behar da auzia. Zigor Kodeko 573. artikulua hartuta, auzitegiak argudiatu zuen delitu larri batek gutxienez bost urtetik gorako zigorra izan behar duela. Era berean, adierazi zuen ez zegoela terrorismoa egozteko Zigor Kodeak aipatutako helbururik. Gainera, epaitegi hark zioen ez zela eraso antolatua izan, eta Ospa mugimenduko kide izatea ez dela nahikoa terrorismotzat jotzeko.

Gipuzkoaren babesa

Gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusiek eman diete babesa. EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu-ren aldeko botoekin onartu dute Altsasuko gazteen aurkako zigor eskaera gaitzesten duen ebazpen proposamena. Hiru puntuko proposamenak "gazteen aurkako espetxe eskaerekiko desadostasuna, giza eskubideekiko konpromisoa eta Nafarroako Probintzia Auzitegiaren aldeko babesa" hartzen ditu barnean.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJko Maria Eugenia Agirrezabalagak azaldu du gazteek "egin zutenaren araberako zigorra" izan behar dutela, "ez etsaiaren aurkako epai bat". EH Bilduko Xabier Olanok bide beretik jo du, eta "azpijoko polizial, judizial eta mediatikoa" salatu du batzordearen bileran. Ahal Dugu-ko Imanol Gudek ere fiskaltzaren erabakiarekiko desadostasuna adierazi du, "independentzia falta" argudiatuta. Bestalde, zigor horiek "beste garai batzuetakoak" direla salatu du.

PSEko Arritxu Marañonek ere auzia Nafarroako auzitegietan epaitu behar dela nabarmendu du, baina ebazpen proposamenarekin bat egiten ez duela gehituta. "Gertatutako ekintza biolentoak ez gaitseztea eta biktimekiko elkartasunik ez izatea" izan dira aurka bozkatzeko argudioak. PPko Juan Carlos Canok, berriz, ebazpena onartzea "presio politikoa" egitea dela salatu du, "hastera doan prozedura judizial baten aurrean".

Publizitatea

Sortu kontua
Joxerra Senar

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak