Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Kontsultako parte hartzaileak puztea leporatu dio Caracasek oposizioari

Publizitatea

Mundua

Venezuela

Kontsultako parte hartzaileak puztea leporatu dio Caracasek oposizioari

Oposizioak plebiszituan 7 milioi pertsonak parte hartu dutela baieztatu du, eta %98k ezetza eman diola Konstituziogilearen gauzatzeari. Bi pertsona hil dira botoa eman dutenen aurkako tiroketan.
Oposizioko ordezkariak galdeketaren emaitzen berri ematen. /
Oposizioko ordezkariak galdeketaren emaitzen berri ematen. / Cristian Hernandez, EFE

2017-07-18 / Pello Zupiria

Venezuelako Gobernuak uztailaren 30ean eratu nahi du Batzar Konstituziogilea. Egun horretan bozak egingo dituzte araudi berria idatziko duten 500 kideak aukeratzeko. Ordea, Nicolas Maduro presidenteak bultzatutako ekinaldi horrek haserrea eragin du oposizioan, eta herritarrei galdetu die batzarrari buruz.

Igandean egin zuten galdeketa, eta 7,6 milioi herritarrek parte hartu zutela adierazi dute antolatzaileek. Haietatik guztiz gehienek, %98k, Batzar Konstituziogilearen aurkako botoa eman zuten. Emaitzak ikusita, Freddy Guevara MUD alderdiko eledun eta Parlamentuko presidenteordeak —han gehiengoa du oposizioak— iragarri du asteazkenean bilerak hasiko dituztela, "batasun nazionaleko gobernua" eratzeko asmoz. Ostegunean, bestalde, 24 orduko lanuzte bat egitera deitu du, Maduroren gobernuaren gainean presioa ezarriz.

Hiru galdera egin zizkieten igandean herritarrei: Batzar Konstituziogilearen aurka ote dauden; armadak egungo konstituzioa babestea nahi ote duten; eta "chavismoa babesteaz" akusatutako goi arduradunak kargugabetu eta "batasun nazionaleko" gobernu berri bat osatzeko bozak egitearen alde ote dauden. Emaitzak argiak izan direla ondorioztatu du Guevarak, oposizioaren izenean.

Gobernuak Batzar Konstituziogilea eratzeko asmoa bertan behera uzten ez badu, oposizioak "gatazka politiko nazionala" sakonduko duela iragarri du Guevarak, "askatasuna lortu arte".

Gobernuaren aldekoek, ordea, nazioarteko prentsak plebiszituari emandako trataera kritikatu dute, eta nabarmendu oposizioak erre egin dituela bozketarako erabilitako materialak, eta horrek ezinezko egiten duela haiek baieztatutakoa egiaztatzea. Horretaz gain, jakinarazi dute Caracas mendebaldean izandako istiluetan 60 urteko emakume bat hil eta beste hiru zauritu zirela.

Jorge Rodriguez Batzar Konstituziogilearen kanpainako buruak erantzun die opositoreei. Adierazi du boto emaileen kopurua "hirukoiztu" egin duela oposizioak, erreferendumeko hiru galderetako bakoitzari emandako erantzunak hiru pertsonarenak bezala zenbatu dituztela jakin ahal izan duelako. Erantsi du leku askotan erre egin dituztela paperak ondoren, eta erantsi du leku batzuetan pertsona berek behin baino gehiagotan eman dutela botoa.

Opositoreek Latinoamerikako gobernuburu ohi batzuen babesa ere jaso zuten igandean. Plebiszituaren bermatzaile gisa, herrialdean izan ziren Vicente Foix, Andres Pastrana (Kolonbia), Jorge Quiroga (Bolivia) eta Laura Chichilla eta Miguel Angel Rodriguez (Costa Rica).

Europako Batasunak, bestalde, Federica Mogherini Atzerri Gaietako kontseilariaren ahotik, Maduroren gobernuari abisatu dio Europak ez duela baztertzen Venezuelari zigorrak jartzeko aukera, gobernuak bere asmoetan atzera egiten ez badu.

Hego Euskal Herrian ere bozkatzera

Euskal Herrian bizi diren venezuelarrek izan zuten igandean oposizioak antolatutako galdeketan bozkatzeko aukera. Hegoaldeko lau lurraldeetan jarri zituzten horretarako hautetsontziak. Izan ere, bozketa ofiziala denean venezuelarrek soilik Bilboko kontsulatuan bozka dezakete, baina igandekoa ez zen gobernuak deitutakoa.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak