FUTBOLA

Denboraldiko lehen derbia Athleticen eta Eibarren artekoa izango da

Ostiral goizean egin dute Santander Ligako datorren denboraldiko zozketa. Iaz Osasuna bigarren mailara jaitsi ondoren, lau euskal talde egongo dira aurten lehenengo mailan.

Ligako lehen jardunaldiko partidak. EMILIO NARANJO, EFE
2017ko uztailaren 21a
13:42
Entzun

Egin dute 2017-2018ko denboraldiko zozketa. Lehen jardunaldia abuztuko hirugarren asteburuan jokatuko dute, hilaren 20aren bueltan. Aurten, lehen mailan jokatuko duten euskal talde guztiek hasiko dute denboraldia kanpoan, Athleticek izan ezik.

Zozketan atera den lehen euskal taldea Eibar izan da, eta Malagan izango dute lehen saioa. Realak Celta de Vigoren aurka jokatuko du Galizian; hantxe bukatu zuten aurreko denboraldia txuri-urdinek. Alavesek Leganesen kontra hasiko du ikasturtea, Madrilen. Azkenik, Athleticek lehen mailara igo berri den Getaferen kontra izango du lehen partida.

Lehen derbia bigarren jardunaldian izango da, Athleticek eta Eibarrek Bilbon neurtuko baitituzte indarrak. Hurrengoa Gasteizen izango da, zortzigarren jardunaldian, Realak Alavesen kontra jokatuko du eta. Hirugarrena, hamaikagarren jardunaldian, Anoetan izango da, Realaren eta Eibarren artekoa. Hurrengoa, hamahirugarrenean, Gasteizen jokatuko du Eibarrek, Alavesen aurka. Hamazazpigarren jardunaldian, Athletic eta Reala neurtuko dira Blbon. Lehen itzuliko azkeneko derbia Bilbon izango da, Athleticen eta Alavesen artekoa.

Azken partidak zeintzuk izango diren ere iragarri dute zozketan. Alavesek Sevillaren kontra itxiko du datorren denboraldia, etxetik kanpo. Realak partida gogorra izango du; Camp Noun, Bartzelonaren aurka. Athletic Espanyolekin neurtuko da San Mamesen. Eibarrek, berriz, Wanda Metropolitano zelai berrian amaituko du; partida gogorra hori ere.

Denboraldi berriari begira, euskal taldeetako bik daukate begirada Europa ligan jarrita. Reala zuzenean sailkatu da multzo faserako, eta Athleticek bi kanporaketa jokatu beharko ditu fase horretara iristeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.