Donostiako 65. Zinemaldia

'Handia' zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da

Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako filma Urrezko Maskorra irabazteko hautagaia izango da.

Eneko Sagardoi aktorea da filmeko protagonista
Eneko Sagardoi aktorea da filmeko protagonista Berria

Berria -

2017ko uztailak 28

Urriaren 20an estreinatuko dute filma zinema aretoetan, baina, horren aurretik, Urrezko eta Zilarrezko Maskorretarako lehian izango da filma. Altzoko Handiaren istorioan oinarrituta dago, eta Eneko Sagardoi du protagonista nagusia. Harekin batera ageri dira filmean Joseba Usabiaga, Ramon Agirre, Aia Kruse, Iñigo Aranburu eta Iñigo Azpitarte.

Orain dela hiru urte Donostiako Zinemaldian estreinatutako Loreak bezala, Handia Moriarti eta Irusoin etxeek ekoitzi dute.

Aitor Arregi zuzendariak gaur Euskadi Irratiari adierazi dionez, Donostiako Zinemaldia "jaialdi indartsua" da, eta baloratu beharra dago azkeneko lau urteetan euskarazko hiru film Sail Ofizialean aurkeztu izana —Asier Altunaren Amama izan zen 2015ean—. Egileak pozik daude emaitzarekin, baina baita jendeari erakusteko irrikan ere. "Guk askotan ikusi dugu, eta bada ordua jendeari erakusteko".

Orain dela hiru urte, Loreak aurkeztu zuten zinemaldian, eta, saririk irabazi ez bazuen ere, "indartuta" atera zen handik. Orain ere hala izatea nahiko lukete egileek, Arregik adierazi duenez.

Handia-rekin batera, Sail Ofizialean izango diren beste bi film iragarri ditu gaur Donostiako Zinemaldiak: Manuel Martin Cuencaren El autor eta Antonio Mendez Esparzaren Life and Nothing More. Martin Cuencak zinemaldian bertan aurkeztu zuen bere azken aurreko lana, Canibal, 2013. urtean.

Almandoz, Zabaltegi Tabakaleran

Sail Ofizialetik kanpoko hainbat film ere iragarri dituzte gaur goizean, eta tartean da Koldo Almandozen Plágan (Izurria) film laburra. Zabaltegi-Tabakalera sailean emango dute.

Borja Kobeagaren Fe de etarras filma, berriz, Belodromoan emango dute, eta han izango da, era berean, Operación Concha, Antoni Cuadrik zuzendu eta euskal ekoizpena (Abra produkzioak) duen pelikula.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna