Segurtasuna

Bideak izan dezan denentzako tokia

Udan gora egiten du errepideetara ateratzen diren txirrindularien kopuruak; azken hilabeteotako istripuek kezka eragin dute, eta neurriak hartuko dituela iragarri du gobernuak. Txirrindulariek parlamentuan hartu dute hitza, N-121-A errepidean ere zer hobetu badela errateko.

jarraia137383.jpg
edurne elizondo
2017ko uztailaren 29a
16:40
Entzun

Bizikletaren gainean gaudenean, gure gorputza da txasisa”. Patxi Etxenikerenak dira hitzak. Txirrindularitza du aspaldiko zaletasun. “47 urte ditut, eta 30 daramatzat bizikletaren gainean”. Ez du utzi nahi, biziki maite duelako, baina aitortu du saiatzen dela ibilgailu gutxiago dituzten bideak aukeratzen. “Arriskua, halere, edozein tokitan da”. Duela urtebete luze, Etxenike eta haren semea harrapatu zituen auto batek, Endarlatsa inguruan. Lesakan bizi da Etxenike, eta Behobiarako bidea hartu zuen semearekin batera. “Bazterbidean ginen gu, bata bertzearen atzean; autoa gainera etorri zitzaigun. Gidariak ikusi gintuen, baina oharkabetu, eta harrapatu gintuen”, gogoratu du.

Etxenikek ukondoarekin apurtu zuen autoaren aurreko kristala; kolpeak fisura eragin zion. Lau saihets-hezur apurtu zituen, gainera, bai eta klabikula ere, bi tokitatik. “Semea 30 metro eraman zuen autoak kapotaren gainean, eta alboko langaren bertzaldera bota zuen, azkenean; erradioa eta kubitua apurtu zitzaizkion, hezur bakoitza hiru tokitatik. Bigarrenez egin behar izan zioten ebakuntza, torlojuak apurtu zitzaizkiolako; urte bat baino gehiago pasatu da, eta oraindik zain gaude ea hezurrak ongi batzen diren”, azaldu du Etxenikek.

Lesakako Beti Gazte elkarteko kide da Etxenike. Bortzirietako txirrindulariak batzen dituen Urtxintxa elkarteko kideekin ateratzen da errepidera, halere, bizikletaz gozatzera. Eskualde horretan zale anitz ditu txirrindularitzak, eta sumatzen da hango bideetan. “Gipuzkoatik ere txirrindulari anitz etortzen da honat”, erran du Etxenikek. Kezkatzen du N-121-A errepidearen egoerak, eta, horregatik, Urtxintxako Mikel Gomezekin batera, Nafarroako Parlamentuan egon da, bide horretan zer hobetu badela aldarrikatzen; neurriak har ditzatela eskatzen.

Irakurri erreportajea osorikNafarroako Hitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.