Bilboko Aste Nagusia

“Nazkatuta gaudelako, ez isildu, ez onartu... Erantzun!”

Aste Nagusia martxan jartzeko astebete baino gutxiago falta dela, mailu hotsak dira nagusi Bilboko Areatzan. Gaur goizean, ordea, zarata horren gainetik zorrotz eta argi gailendu den mezu bat plazaratu dute: “Aste Nagusi parekide eta feminista baten alde egiten ez duen jarrera eta jokabide oro identifikatu eta salatu beharra dago”.

Erasorik gabeko Aste Nagusia nahi dutela aldarrikatu dute Bilbon. BILBOKO KONPARTSAK
Peru Azpillaga Diez.
2017ko abuztuaren 14a
09:34
Entzun

Bilboko Konpartsetako kideak nabarmendu dutenez, “Aste Nagusia pausoz pauso eta egunez egun herriak sortutako lan borobila da; plazak, kaleak, egunak eta gauak geureganatuz, egunerokoa aldatu eta dibertsioan murgiltzeko”. Gainera, konpartsen protagonismoa aldarrikatu dute: “Bilboko Konpartsak lanean aritzen gara urte osoan, guztiok elkarrekin, alaitasunez eta errespetuz, erasorik gabeko festak gozatzeko, bakoitzaren sexu, genero, sexu identitate edota jatorria edozein dela ere”.

Esandakoaren arabera, indarkeria sexista gizon eta emakumeen arteko “parekotasunik ezaren” adierazgarri da, eta, horregatik, pertsona orok duen “berebiziko” garrantzia mahai gainean jarri nahi izan dute konpartsetako emakumeek. Horren harira, gogorarazi dute identifikatu eta salatu behar direla Aste Nagusi parekide eta feminista baten alde egiten ez duten jarrera eta jokabideak. “Apur dezagun ezarritako gidoia; ezgaitu egin gaituzte; ezin dugu geure gorputz eta desioen gainean erabaki. Aukerak mugatu dizkigute”, kexatu dira. Erasoak, erasotzaileak eta konplize matxistak “jomugan” jar daitezela eskatu dute, Aste Nagusiaren gidoitik kanpo dauden egoerak behin betiko desager daitezen.

Egoera den bezalakoa izanik emakumeak ahalduntzearen garrantziaz mintzatu dira, eta, jazarpen, indarkeria eta inposizioen kontra, “lotsatu” ordez, “haiek lotsarazteko" deia egin. “Gehiegikeria eta inposizioa” borrokatzeko, autodefentsa aldarrikatu dute, eta, jarrera matxista eta erasoei aurre egiteko, emakumeek elkar zaintzearen garrantzia azpimarratu. Horretaz gain, gizonei ere dei egin diete “konplizitatea eta pasibotasuna apurtzeko”. “Atera zaitezte zuentzat ere idatzi duten gidoitik; zuek ere eman erantzun irmoa jarrera matxistei edo edozein motatako eraso sexistei”, helarazi dute. Emakumeei “inposatu dieten gidoia” irauliko dutela erantsi, eta “zuek zein paper hartuko duzue?” galdetu dute.

Azkenik, Bilboko Konpartsek adierazi dute erasorik badago babesa eta informazioa eskainiko dutela, eta aurrerapausoak emango direla, “indarrez”, inolako eraso sexistarik gabeko Aste Nagusia lortzeko. Horretarako, herritarren arreta eskatu dute, erasoen aurkako protokoloa aktibatzen bada mobilizazioekin bat egin dezaten. “Erasotzaileak tinko errefusatu behar dira, modu jendetsuan, nazkatuta gaudelako, ez isildu, ez onartu, egin zarata eta erantzun”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.