Hilberria

Iñaki Sarasketa ETAko kide ohia zendu da

Txabi Etxebarrietarekin zegoen kontrol batean, Jose Pardines Arcay Guardia Zibila hil zutenean. Ihesari eman zioten, baina Guardia Zibilak atzeman egin zituen; Etxebarrieta hil egin zuten, eta Sarasketak alde egitea lortu zuen. Errezilgo elizan atxilotu zuten, hurrengo egunean. Oiartzuarra zen.

Berria -

2017ko abuztuak 25

ETAren lehen hilketa izan zen Jose Pardines Arcay guardia zibilarena. 1968ko uztailaren 7an, errepideko kontrol batean gelditu zituzten Etxebarrieta eta Sarasketa, Villabona (Gipuzkoa) inguruan, eta aurrenak tiro egin zion Pardinesi. Hura lurrean zerraldo utzita, ihesari eman zioten. Ordu batzuk geroago, Guardia Zibilak gelditu egin zituen kalean bi etakideak, eta, Etxebarrietari pistola atzeman, tiro egin eta hil egin zuten, Tolosako Benta Haundin. Sarasketak ihes egitea lortu zuen, eta auto gidari bat behartu zuen Errezil aldera (Gipuzkoa) eraman zezan. Hango elizan atxilotu zuten, egun bat geroago.

Meliton Manzanas torturatzaile ezagunaren eskuetatik pasatu zen, eta gerra kontseilu guztiz sumario batean epaitu zuten. Aurrena, 58 urteko zigorra jarri zioten, baina zigorra bertan behera utzi zuten, "forma akatsak" zirela tarteko. Berriz epaitu zuten, eta, bigarren aldian, heriotza zigorra jarri zioten. Protesta ugari eragin zituen horrek, eta errukia eskatu zuten frankismoko bi instituziok ere: Gipuzkoako Diputazioak eta Donostiako Udalak. Heriotza zigorra bizi guztiko zigorrarekin aldatu zioten orduan.

1977ko amnistia baino lehenago, Norvegiara deserriratu zuten Sarasketa, Xabier Izko de la Iglesia, Iñaki Mujika Arregi Ezkerra, Jose Antonio Garmendia eta Iñaki Perez Beotegirekin batera. Amnistiarekin itzuli zen.

1984an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu zen Auzolaneko zerrendetan.

Aste honetan hil da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna