eguraldia

Euriteak abuztuari agur esateko

[youtube]https://youtu.be/OUaDivrZYXc[/youtube]

2017ko abuztuaren 31
13:28
Entzun

Abuztuari agur eguzkitan esan nahi diotenek zail izango dute aurten. Abisu horia izan zen atzo arratsaldetik gauerdira arte, eta uholdeak eragin zituen hainbat herritan. Euri zaparradak gogor bota zituen atzo arratsaldean, eta uholdeak eragin zituzten Euskal Herriko hainbat eremutan, batez ere Gipuzkoan.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak igorritako datuen arabera, Gipuzkoan egin zuen euri gehien: Ereñotzun, Hernanin, hamar minutuan metro koadroko 15,4 litro bota zituen; Oiartzunen, 12,9; Behobian, 12,8; eta Lasarten, 11. Bizkaian, metroko koadroko 10,3 litro bota ditu Bilbon.

Ordubeteko datuei erreparatuta, Ereñotzun metro koadroko 44 litro bota zituen; Oiartzunen, 33,2; Behobian, 30,4; Zarautzen, 29,2; eta Lasarten, 26,6. Araban ere busti zuen. Agurainen, metro koadroko 23 litro neurtu zituzten.

Irunen gizarte etxe bat hustu behar izan zuten, teilatuaren zati bat behera erori zelako; zorionez, ez zen zauriturik izan. Horrez gain, Donostian, Zarautzen, Orion, Azkoitian, Usurbilen eta Andoainen ere izan ziren gertakizunak.

Eguerdian iritsi ziren lehen euri tantak, hirurak aldera. Hala ere, arratsaldean iritsi zen okerrena, 18:00ak eta 19:00ak bitartean. Ordubetean euri zaparrada gogorrak bota zituen, eta kalte ugari eragin zituen Donostian. Easo plazan arketa batek gainezka egin zuen, eta Kontxako kabinetan ere sartu zen ura.

Zarautzen ere izan ziren arazoak. Hainbat eta hainbat gune urez gainezka geratu ziren, Herrikobarra, Vista Alegre eta Zelai Ondoko azpiko pasabidea, esaterako. Ola errekak ere gainezka egin zuen, eta Abendaño industrialdean uholdeak sortu ziren. Alkateak Twitter bidez jakinarazi zuenez, suhiltzaileek KSB Itur aparkalekutik gizon bat atera zuten onik.

[youtube]https://youtu.be/oOw6njMERys[/youtube]

[youtube]https://youtu.be/32ICgXIYKI8[/youtube]

Azkoitian ere ur ugari pilatu zen parrokia atarian eta Kale Nagusian. Gainera, Floreaga auzotik Kale Nagusirako maldan euri ur jasa jaitsi zen minutu batzuetan.

[youtube]https://youtu.be/CfQb6htmE1o[/youtube]

Mutrikuko Zubiaga plaza, berriz, urpean geratu zen arratsaldean.

[youtube]https://youtu.be/uSQTUYBfSa0[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.