Euskara

Euskararen erabilera bultzatu duten hainbat ekimenen esperientziekin bilduma bat argitaratu dute

Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak osatu du bilduma, eta haien helburua da antzeko egitasmoak bultzatu nahi dituzten elkarte eta mugimenduek oinarri bat izan dezatela.

Liburuaren aurkezpena. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2017ko abuztuaren 31
10:13
Entzun

Nola egin dute? Hizkuntza ohituretan eragiteko esperientzien bilduma liburua aurkeztu du gaur, Donostian, Bagera elkarteak. Liburuak herritarren hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera bultzatzeko hainbat tokitako esperientzia biltzen ditu, eta proiektuaren helburu nagusia da antzeko egitasmoak bultzatu nahi dituzten elkarte eta mugimenduek oinarri bat izan dezatela.

Bilduma lanak bi atal ditu. Batetik, tokiko aktibazioa oinarri hartuta, euskararen erabilera bultzatzeko abian jarritako hamar ekimen aztertu eta jaso dituzte, horietatik sei Gipuzkoan garatuak –Añorga, Astigarraga, Egia, Hernani, Lasarte-Oria, Donostiako Piratak–. Gainontzekoek Agurain, Aiaraldea, Arrigorriaga eta Trapagaranen martxan jarritako egitasmoei egiten diete erreferentzia. Hala azaldu dute, gaur goizean, Foru Aldundian egindako prentsaurrekoan, Bagera elkarteko kide eta bildumaren egileak, Idoia Trenorrek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Mikel Irizarrek, eta Donostiako Udaleko Euskara zerbitzuko zuzendariak, Edurne Otamendik.

Bagera elkartea jabetu zen azken urteotan Euskal Herriko hainbat txokotan aspaldidanik zegoen gogo bati heldu ziotela zenbaitek, eta ekintza solteak egitetik aktibazio kolektibo antolatuan murgiltzeko saiakerak zabaltzen ari zirela han hemenka. Euskaraz bizitzeko nahiari erantzuteko aktibazio proiektu berritzaileak jartzen ari zirela martxan, alegia, babes soziala, elkarlana eta gizarte ekimena oinarri gisa hartuta. Guztiak helburu batekin: ohikoak diren hizkuntza ohituretatik aldendu eta euskararen erabileraren mesedetan izango diren aldaketak probokatzeko aukera berriak sortzea.

Ikerketari eta berrikuntzari lehentasuna ematen ari zaio Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritza, eta, testuinguru horretan, hizkuntza ohituretan eragiteko beharra nabarmendu du Mikel Irizarrek. “Euskararen biziberritze prozesua bidegurutzean dago. Eta arriskua badugu bertan etsita geratzeko. Horregatik, egitasmo berri eta berritzaileek behar dute izan aurrera egiteko gakoa”, laburbildu du. Haren esanetan, “azken urteotan izugarrizko lana eta aurrerakada” ezagutu badu ere euskararen erabilerak, hain zuzen ere alor horretan ekiteko eta eragiteko beharra dago, indarrean dauden “hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan aldatu eta hizkuntza berdintasunean sakontzeko”.

“Tokiko aktibazioa, ekimen soziala eta berrikuntza oinarri duten egitasmoek horretarako bidea erakusten digute”, gaineratu du, eta hor kokatu du aurkeztutako bildumaren garrantzia. “Dagoeneko abian jarritako esperientziak aztertu eta ezagutzera emateko parada eskaintzen dutelako”, xehatu du Irizarrek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, xede zabal horretarako, Euskara 4.0 estrategia du abian, zeinetan hartu duen konpromisoa hizkuntza berdintasuna bultzatzeko egitasmo berritzaileak indartzea. Lan ildo horietako bat da, hain zuzen ere, tokiko aktibazioa, Irizarrek adierazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.