Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Independentziaren aldeko udalerrien elkartea: "Lehentasuna, erreferenduma"

Publizitatea

Mundua

Kataluniako erreferenduma

Independentziaren aldeko udalerrien elkartea: "Lehentasuna, erreferenduma"

Elkarteak jakinarazi du "udalerrien eta parlamentuaren ondoan" jarraituko duela lanean, eta deklaratzera joan behar badute, joango direla, "boluntarioki ala behartuta". Alkateei mobilizaziorako deia egin die, larunbaterako.
Kataluniako independentziaren aldeko udalerrien elkarteko batzarra, gaur.
Kataluniako independentziaren aldeko udalerrien elkarteko batzarra, gaur. BERRIA

Neus Lloveras AMI Kataluniako indenpendentziaren aldeko udalerrien elkarteko presidentearen hitzak dira: "alkateen batasuna erabatekoa da". Erreferenduma egin ahal izateko jarraituko dute lanean, eta alkate bakoitzaren esku geldituko da Fiskaltzaren aurrera deklaratzeko deiari muzin egin ala aintzat hartzea. "Azalduko dugu azaldu behar dena. Ez dugu beldurrik", gaineratu dute elkartetik.

Generalitateak udalentzako zerbitzu berezia sortuko du, besteren artean, aholkularitza emateko.

Estatuko Fiskal Nagusiak erreferendumaren alde egiten ari diren alkateen zerrenda bat osatu du, eta Bartzelona, Tarragona, Lleida eta Geronako Fiskaltzei agindu die haien inguruko ikerketak abiatzeko. Epaitegira joateko deia egingo die zerrendako alkate guztiei, eta ohartarazi du mossoei aginduko diela joaten ez diren alkateak atxilotzeko. CUPeko alkateek erantzun dute ez direla deklaratzera joango.Haiek laguntzen ez badute, eta jarritako egunean deklaratzera joaten ez badira, mossoei atxilotzeko agindua emateko esan die, gainera.

Jose Manuel Maza Fiskal Nagusiak berak sinatu du agindua, eta jakinik zerrenda luzea dela, jende gehien bizi den herrietatik hasteko eskatu die. Desobedientzia eta prebarikazioa egitea egozten die. Konstituzionalak irailaren 7an Erreferendumerako Legea baliogabetu zuela, eta hura aurrera eramaten laguntzea Konstituzioari desobedientzia egitea dela argudiatu du.

Finskaltzak, gainera, Kataluniako udaltzaingoak ere polizia judizial izendatu ditu, eta agindua eman die erreferendumaren antolaketarekin zerikusia duen edozein neurri ikertzeko. Lloveras AMIko presidenteak gaitzetsi egin du Fiskaltzaren erabakia, eta ohartarazi du udaltzaingoa ez dela polizia judiziala. "Erantzukizuna alkateena da", ziurtatu du.

Alkateak hasi dira ez direla joango jakinarazten. Argentonako alkateak, adibidez, twitterren idatzi du lanpetuta dagoela, eta nahi duenak badakiela non topatuko duen.

CUPek ere aurreratu du bere alderdiko alkateak ez direla Fiskaltzaren aurrera deklaratzera joango.

Dolors Sabater (Guanyem Badalona) Badalonako alkateak erantzun du ez duela inolako deliturik egin izanaren kontzientziarik eta udaletxeak bakean uzteko galdegin du.

Eric Sibina (ERC) Sant Vicenç de Torelloko alkateak ironiaz galdetu du zein ordutan joan beharko duen deklaratzera.

Albert Gil (ERC) Roca del Valleseko alkateak, berriz, adierazi du alkate gisa herriaren eta Kataluniako Parlamentuaren aginduetara dagoela.

Premia de Marreko alkate Miquel Buchek (PDECat) Espainiako Gobernuaren "demofobia" salatu du.

Erreferendumaren aldeko erreakzioez gain, izan da bestelakorik ere. Ponts udalerriko alkate Francesc Garciak (ERC) dimisioa eman zuen atzo.

Bestalde, TV3 telebista publikoak erreferendumari buruzko iragarkiak emititzeari utzi dio.

Erreferendumaren kontrako neurriak bultzatu dituen Maza Espainiako Fiskal Nagusiaren agerraldia eskatu dute EH Bildu, En Com Podem, ERC, PDECat alderdiek, Espainiako Kongresuan. Kataluniako alkateak deklaratzera deitzeko erabakiari buruzko azalpenak eskatuko dizkiote.

Espainiako Auzitegi Konstituzionala ere lanean ari da. Erreferendumaren Legearekin batera Hauteskunde Sindikatura eratu zuen Kataluniako Legebiltzarrak, prozesua ondo egin zezan bermatzeko. Auzitegiak legearekin batera baliogabetu zuen sindikatura ere. Gaur, hari galdetu dio ea betetzen ari den bere agindua. 48 ordu eman dizkie sindikaturako kideei azaldu dezaten zein neurri hartu dituzten erreferenduma bertan behera uzteko.

Espainiako Estatuaren Abokatuaren eskaerari jarraituz hartu du ekimena Konstituzionalak. Izan ere, hark esan dio Sindikatura lanean ari dela, eta betearazteko berak emandako aginduak.

Rajoy herritarrei

Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak, berriz, Kataluniako herritarrei ohartarazi die "erreferenduma legez kanpokoa" izanik hauteskunde mahaietan egotea "delitua" litzatekeela, eta, beraz, eskatu die horretarako deia jasotzen badute ez joateko. "Parlamentuan joan den astean hartutako erabakia demokraziaren aurkako kolpea izan zen. Espainian legea bete egiten da, Espainia demokrazia bat delako; eta legea betetzeari uzten badiote, horrek esan nahi du gehiengoaren erabakiak ez duela ezertarako balio, eta bakoitzak nahi duena egin dezakeela".

Auzi politikoa hartzen ari den dimentsio juridikoa ikusita, Dres abokatuen elkartea prest agertu da "erreferenduma laguntzeagatik justiziak jazartzen dituenei" laguntza juridikoa emateko. Horretarako, 100 profesional inguruko taldea osatu du. Hasteko, deklaratzera deitzen dituztenei jarraitu beharreko protokolo baten berri eman die.

Espainiako erregea: "Espainiar guztionak diren eskubideak gaileduko dira"

Espainiako erregeak ere erreferendumari buruz hitz egin du gaur. "Elkarbizitza eta demokraziaren edonolako hausturen aurrean" Espainiako Konstituzioa gailenduko dela azpimarratu du. "Espainiar guztionak diren eskubideak gailenduko dira".

Espainian "elkarbizitza demokratikoa sakrifizio askorekin" eta "denen eskuzabaltasunarekin" lortu zela nabarmendu du, eta hori mantentzeko, beharrezkoa dela bertako herritarrek eta instituzioek "elkarbizitza" hori arautzen duten legeak betetzea.

Publizitatea

Sortu kontua
Amagoia Mujika Tolaretxipi

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak