Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Urkullu: "Kataluniako erreferendumak ez ditu biltzen beharrezko bermeak"

Publizitatea

Politika

KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Urkullu: "Kataluniako erreferendumak ez ditu biltzen beharrezko bermeak"

Kataluniako Parlamentuak erreferenduma egin ahal izateko hartu dituen erabakien prozeduraren kontra agertu da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Kataluniako Estatutua "indargabetu" egin duelako.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, joan den abuztuko agerraldi batean.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, joan den abuztuko agerraldi batean. Aritz Loiola / Argazki Press

Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ez deritzo urriaren 1ean Katalunian erreferendum bat egingo denik. "Zintzoak" izanez gero, "urriaren 1ean gertatzen dena gertatzen dela ere, ez dira beharrezko bermeak betetzen, erreferendum bat egiteko nahiari dagokionez".

Urkulluk nabarmendu du Kataluniako ordezkari politikoetako batzuk erreferenduma egiteko hauteslekuak irekitzearen kontra agertu direla. "Horrek adierazten du urriaren 1eko emaitzak izan dezakeen balioa. Beste kontu bat da urriaren 1arekiko sentimendua, herri kataluniarraren gehiengoaren aldarrikapena; eta hori da kontuan hartu beharrekoa".

Bestalde, Urkulluk ez du ontzat eman Kataluniako Parlamentuak Erreferendumaren Legea eta Trantsiziorako Legea onartzeko erabili duen prozedura. "Kezkatuta" agertu da, "estatut-a indargabetu" delako eta "orain arte eraiki den esparru politiko, juridiko eta instituzionala baliorik gabe utzi" delako.

Lehendakariaren arabera, Kataluniako Gobernuak badu borondatea urriaren 1aren ondoren "hitz egin eta irtenbide bat bilatzeko". Ildo horretan, gaineratu du garaiz dela oraindik "arazo politiko baten aurrean gaudela onartzeko". Urriaren 1aren aurretik eta ondoren ere, egoerari "ikuspegi osoz eta borondate politikoarekin" heldu beharko zaiola ohartarazi du, "elkarrizketa oinarri hartuta".

EH Bildu

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak lehendakariaren adierazpenak gaitzetsi ditu. Kataluniako erreferendumak beharrezko bermeak ez dituela betetzen adierazita, EAJk PP eta Ciudadanosen diskurtsoa bereganatu duela ziurtatu du, eta oso larritzat jo du. Otegik Urkulluri galdetu dio benetan pentsatzen al duen Espainiako Estatuak autodeterminazio eskubidea onatuko duela.

EH Bilduko 30 alkate inguruk, bestalde, babesa agertu diete Kataluniako erreferenduma antolatzen laguntzeko prest agertu diren alkateei. Espainiak Fiskaltzak deklaratzera deituko zituela iragarri zuen atzo, erreferenduma antolatzeko neurririk hartuko balute delitua egiten arituko liratekeela ohartarazita.

Ana Carrere Andoaingo alkateak eta Koldo Leoz Garciandia Lizarrakoak estatu espainiarraren jarrera gaitzetsi dute. "Espainiako Estatuak berriro erakutsi du erantzun demokratikoa emateko ezintasuna". Salatu dutenez, ez da bidezko "demokraziaren jarduna errazteagatik" 700 alkate baino gehiago deklaratzera deitzea. Halako egoera batean, EH Bilduko alkateek ere autodeterminazio eskubidearen alde egingo luketela ziurtatu dute.

Udalbiltza

Udalbiltzako presidente Luis Intxauspek Espainiako Estatuari leporatu dio Kataluniako erreferenduma eragozteko hartu dituen neurriekin "oinarrizko ariketa demokratiko bat" indarrez galazten aritzea. "Espainian herritarren borondateak ez du piperrik balio PPren eta PSOEren dantzan dabiltzan Auzitegi Konstituzionaleko epaileek hala diotelako", adierazi du. Egoera "bidegabea" eta "onartezina" dela salatu du.

Bestalde, Intxauspek iragarri duenez, Udalbiltzak urriaren 1eko erreferendumaren antolakuntzan parte hartuko du, eta AMI Kataluniako independentziaren aldeko udalerrien elkartearekin harremanetan da horretarako.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak