Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Urriaren 1ean Bartzelonan botoa emateko modua egongo dela jakinarazi du Ada Colauk

Publizitatea

Mundua

Kataluniako prozesu subiranista

Urriaren 1ean Bartzelonan botoa emateko modua egongo dela jakinarazi du Ada Colauk

Ada Colau Bartzelonako alkateak jakinarazi du "instituzioak eta langile publikoak arriskuan jarri gabe" botoa emateko aukera egongo dela Bartzelonan. Komunikabideek diote akordioa egin duela Kataluniako Gobernuarekin. Junquerasek Montorori eskutitzez jakinarazi dio ez dizkiola astero igorriko txostenak, "kontrol politikoa" egiteko baliatzen dituelako.
Puigdemont eta Colau, Diadan. /
Puigdemont eta Colau, Diadan. / Marta Pérez, Efe

2017-09-14 / Berria

Bere hitza bete duela azpimarratu du Colauk twitterren, eta urriaren 1eko erreferendumean botoa emateko bideak izango direla Bartzelonan ere, "instituzioak eta langile publikoak arriskuan jarri gabe".

Akordioa egon dela diote hainbat komunikabidek. Akordioaren berri ofizialik momentuz ez bada ere, Puigdemontek berri ona dela esan du.

Txostenik ez

Urriaren 1eko erreferenduma pasatu arte, gutxienez, Espainiak ez du Kataluniako diru kontuei buruzko txostenik jasoko. Asteroko txostenak bildatzeari utziko diola jakinarazi dio Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteordeak Cristobal Montoro Espainiako Ogasun Ministroari. Erreferendumera dirurik ez zela bideratzen frogatzeko eskatu zion txostena Espainiak Kataluniari, eta hark, hasieran bidali egin bazizkion ere, gehiago ez duela egindo jakinarazi dio, "kontrol politikoa" egiteko direlako txosten horiek, eta ez "egonkortasun ekonomikoa bermatzeko".

Hala, lehen bezala, txostena hilean behin bidaliko dio Kataluniak Espainiari. Beraz, urriaren 1a pasatu arte, gehiago txostenik ez da izango. Txosten horiek igorri ezean, Espainiatik jasotzen duen dirurik ez duela jasoko ohartarazi zion Espainiak Kataluniari.

Gainera, Fiskaltzak desobedientzia delitua, prebarikazioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporatzen dizkie Lloverasi eta Buchi. Azken delitu hori kartzelarekin zigortu daiteke. Kereilak jasotzen duenez, Lloverasek eta Buchek alkatetza dekretu eredu bat bidali diete elkarteko kide diren udalerrietako alkateei, erreferendumari babesa adierazteko. Fiskaltzaren iritziz, bi elkarteetako presidenteek "mespretxua" adierazi diete Auzitegi Konstituzionalaren erabakiei. Horrez gain, Lloverasek eta Buchek AMI eta ACM elkarteak erabili nahi dituzte, Fiskaltzaren esanetan, ehunka alkate erreferenduma antolatzera bultzatzeko.

Eta haien kontra bakarrik ez, hauteskunde sindikaturiako bost kideren kontrako kereila ere jarri du Bartzelonako Fiskaltzak. Haien jarduna baliogabetuta utzi zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, Erreferendumerako Legearekin batera. Agindua desobeditzen ari direla uste duenez, haien kontra ere kereila jarri du.

Bestalde, Espainiako Gobernuak bere burua lotsagarri utzi duela iritzi dio Generalitateko presidente Carles Puigdemontek. Azken egunetan Madrilek hartutako erabakiak izan zituen hizpide TV3 katean bart egindako elkarrizketan. "Espainiako Gobernuak ez du politika egin nahi izan arazo politiko batekin. Haren jokabideak gure lana oztopatu beharrean are argiago uzten du demokraziaz ari garela". Bideoa: Puigdemonti elkarrizketa (bideoaren ostean jarraitzen du artikuluak).

Urriaren 1ean erreferenduma egin ahalko den galdetuta, baietz esan du beste behin Generalitateko buruak, eta iragarri du herritarrek erabakitzen dutena erabakitzen dutela ere urriaren 2an negoziatu egin beharko dela, baina izan duten jarrera dela medio Espainiako Gobernuak dagoeneko ez duela horretarako gaitasunik. "Espainiako Gobernuko aktore politikoak gaindituta eta gaitasun gabetuta geratuko dira trantsizioa edo autonomia kudeatzeko, ezezkoak irabazten badu ere, ezezko subiranoa izango delako", ohartarazi du.

Bitartean, Madrilek egiten duena egiten duela ere, erreferendum egunerako lanean jarraituko dutela baieztatu du Puigdemontek, eta ohartarazi du Auzitegi Konstituzionalak "arazo konstituzionala" duela bera kargugabetu nahi badu, egoerak ez dituelako betetzen Kataluniako legeek jasotako baldintzak: dimisioa, zentsura mozioa, konfiantza mozioa eta heriotza edo buruko ezintasuna. Bide batez, galdeketari babesa agertu dioten 700dik gora alkatek jasotako agindua ere salatu du: "Non ikusi da Mendebaldeko herrialdeetan inork pentsatzea herri bateko alkateen %75 atxilotuta arazoa konpon dezakeela?".

Elkarretaratzea egingo dute alkateek larunbatean, Bartzelonan, eta Kataluniako alkate guztiei dei egin diete hara joan daitezen. Puigdemontek berak iragarri du bertan izango dela.

Bide batez, Generalitateak jakinarazi du zabalik dela berriz ere erreferendumari buruzko webgunea, atzo iluntzean Guardia Zibilak ixteko agindu zuena. "Itxi dezakete webgune bat, baina hura zabaldu zuenak halakorik espero badu, berehala irekiko du beste bat".

Kanpainako hasiera ekitaldia, gaur

Kanpainaren hasiera ekitaldia egitekoa dute gaur iluntzean Tarragonan, baiezkoaren aldeko alderdietako ordezkariek, denak bat: Puigdemont presidentea eta Junqueras presidenteordea buru dituztela. Ordea, ikusteko dago ez ote duten azken orduan tokia aldatu behar izatea, izan ere, Konstituzionalaren debekuak ohartarazten du ezin dela erreferenduma "bultzatu edo hauspotuko duen ekintzarik egin". Gainera, Enric Millo Espainiako Gobernuaren ordezkariak abixua eman du ekitaldiak debekatuta daudela, eta baieztatu ez badu ere, ez du baztertu Guardia Zibila haiek galeraztera joatea.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak